Euskal astea torneoko finalak jokatuko dira zapatuan [ekainak 11], Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Final horiek, hain zuzen ere,
Xistera zirkuituaren barruan jokatuko diren lehen finalak izango dira. 18:00etan hasita, gazte eta nagusi nagusi mailetako hiru final jokatuko dira, eta bertan Markina-Xemeingo, Berriatuko eta Mutrikuko puntistek parte hartuko dute.
Gaur [ekainak 8] Durangoko udaletxean egin den aurkezpenean eman dira jakitera finalean parte hartuko duten puntistak, eta bertan izan dira Aitziber Irigoras Durangoko alkatea, Ibon Urreisti Xistera Elkarteko presidentea eta Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea, Izaro Arbe eta Jon Mandiola puntistekin batera.
Euskal astea torneoko aurkezpena, Durangon. Argazkia: Xistera
Patxi Jauregi Euskadi
Euskal Pilota Federakuntzako presidenteak nabarmendu duenez, Xisterako Zirkuituko lehenengo finalaren bataioa Durangon izatea “ohore” bat izango da, “Durango zesta-punta arloan erreferente izan delako beti”.
Durangoko frontoiko harmailetan batuko diren zaleek ez eze, norgehiagokak
Internet bidez zuzenean jarraitzeko aukera egongo dela aurreratu du Ibon Urreisti Xisterako presidenteak. “Xisteratik harrobiko mezua zabaldu nahi dugu dugu; harrobirik gabe, etorkizunik ez dagoelako. Mezu hori zabaltzeko finalak
streaming bidez emitutuko dira
Xisterako web orrian. Beraz, mundu osoan zehar partidak ikusteko aukera egongo da”.
Euskal astea zesta-punta torneoko finalaren aurkezpena. Argazkia: Xistera
Pilota jaialdiari dagokionez, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorritako
gazte mailako neska puntisten norgehiagoka batekin hasiko da arratsaldea, “emakumeak zesta-puntara erakartzea ezinbestekoa delako”. Nahia Calvo eta Izaro Arbe markina-xemeindarrak Eneritz Lizardi eta Jane Arreitunandiaren aurka kantxan duten kalitatea erakusteko aukera izango dute. Finala 15 tantora jokatuko dela iragarri dute antolatzaileek.
Ondoren,
gazte mailako mutilen finala jokatuko da 25 tantora. Aitor Manzisidor eta Txomin Bereziartua (Mutriku-Berriatua) Unax Vidalen eta Xabier Arrizabalagaren (Berriatua-Mutriku) aurka neurtuko dituzte indarrak. Azkenik, mutiletan, nagusien mailan, 30 tantorako partida jokatuko dute. Antxon Alberdi eta Suso (Berriatua-Gasteiz) Kosmeren eta Del Rioren (Zumaia-Gasteiz) nor baino nor ariko dira txapelaren bila.
Irabazleek
5 puntu lortuko dituzte Xistera zirkuituko sailkapen orokorrean, eta bigarren sailkatuek, ostera, 3 puntu. Aurreko astean kinilietan hirugarren sailkatu zirenek, berriz, puntu bat jasoko dute.