Ziortza-Bolibarko udalak informazioa bilera egingo du zapatuan
Herritarrak ahalik eta informatuen egoteko helburuagaz, informazio bilera prestatu du Ziortza-Bolibarko udalak, zapatu honetarako [ekainak 11].
Udaletxeko batzar aretoan jarri dute hitzordua, 11:00etan. Udal gobernutik herritar guztiei bilerara hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete.
Zapatuko batzarrean udal ordezkariek bi aztergai landuko dituzte herritarrekin: batetik, Eraikinen Inspekzio Teknikoaren (ITE) inguruan ariko dira berbetan. Eta bestetik, Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga izango dute hizpide.
Horrekin batera, Hiri eta Landa Ondasunen katastroaren inguruan ere ariko dira. Izan ere, Hiri zein Landa Ondasunen katastro balioak eguneratu egingo dira, eta balio berri horiek 2017ko urtarrilean jarriko dira indarrean.
Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak azaldu duenez, «hurbiltasuna» bilatu nahi izan dute. Herritarrek gai orokor horiei buruzko informazio zehatza ondo jasotzeko egingo dute batzarra: «Udaleko arkitektoaren eskutik, aldaketa orokor horien berri emango zaie herritarrei. Izan ere, askotan telebistan edo egunkarian entzun eta irakurtzen dituzte albisteak, baina, ez dute ondo ulertzen. Beraz, aldaketa horiek zertan eragingo diguten azalduko zaie»