Gure Ametsa dantza taldeak antolatuta, 35. Umeen euskal jaia egingo da domekan [ekainak 12], Mutrikun. Talde mutrikuarreko dantzari gazteenekin batera Durangoko Tronperri, Zarauzko Jalgi eta AƱorga dantza taldeak kalera aterako dira herriko txokoak dantzaz eta kolorez betetzera. Antolatzaileek han eta hemen egingo diren dantza ikuskizunez gozatzera gonbidatu dituzte herritarrak.
Dantza taldeko kideek nabarmendu dutenez, domeka heltzeko desiratzen daude, batez ere, txikienak. “Hasiberriek sekulako emozioa edukitzen dute. Haientzako kalean egingo duten lehen dantza saioa da, eta oso urduri daude, baina plazara irtetzeko gogotsu”.
Dantzari gazteak orain bi urteko Euskal jaian dantzan
Guztira, 5 eta 14 urte bitarteko 160 bat dantzari batuko dira Mutrikuko euskal jaian, horietatik 85 mutrikuarrak izango dira, eta beste dantza talde bakoitzetik 25 bat lagun etortzea espero dute. Antolatzaileek iragarri dutenez, Haundi taldeko kideek aurten ez dute dantzan egingo. “Aurten, estreinako, Haundi taldeak ez du txikiekin batera dantzan egitera irtengo. Antolaketa lanetan laguntzen ariko dira eta”.
Dantzariek
Albokako parkean jarri dute batzeko hitzordua, 10:30ean. Hamaiketakoa jaten duten bitartean, kalera dotore irtetzeko azken prestaketak egingo dituzte dantzariek; zapiak jantzi, gerrikoak ipini, amantalak jantzi…
Topaketa eta gero,
kalerik kale ibiliko dira dantzariak. 11:30ean irtengo dute Albokako parketik, eta talde bakoitza, aldi berean, herriko txoko ezberdinetan ibiliko da dantza saio bereziak eskaintzen. Ikasturtean ikasitakoa erakusten ibili eta gero, 13:30ean denak Goiko Plazan batu, eta Alardea dantzan egingo dute, denek batera. Goizeko azken txanpan sartuta, talde bakoitzak bina dantza eskainiko ditu Goiko Plazan batzen diren ikusleen gozamenerako.
Gure Ametsa dantza taldeko dantzari gazteak, iazko Malen Txiki egunean
Arratsaldeko ekimenak iritsi bitartean, bazkaritara joango dira. Dantzariek herriko beste dantzarien etxeetan bazkalduko dute, eta antolatzaileek, dantza taldeetako arduradunek eta txistulariek, aldiz, Lagun Artea elkarte gastronomikoan batuko dira.
Bapo bazkaldu eta gero,
17:00etan Goiko Plazan batu eta kalejiran Beheko Plazara joango dira. Eguneko ekimenak hantxe amaituko dituzte Joxe Mendizabalen erromeriarekin batera.