Alde Zaharra kolorez bete asmoz, udalak eta elkarteek lore lehiaketa antolatu dute
Hiru maila egongo dira lehiaketan; balkoiak, fatxadak eta leihoak. Zapatuan, lore erakusketa eta azoka egingo dute Goiko Plazan, 11:00etatik 15:00etara. Pintxopotea ere lorez beteko dute biharBermeoko Udalak eta herriko hainbat elkartek Alde Zaharreko ...
Hiru maila egongo dira lehiaketan; balkoiak, fatxadak eta leihoak. Zapatuan, lore erakusketa eta azoka egingo dute Goiko Plazan, 11:00etatik 15:00etara. Pintxopotea ere lorez beteko dute bihar
Bermeoko Udalak eta herriko hainbat elkartek Alde Zaharreko balkoi, leiho eta fatxadetako lore lehiaketa antolatu dute. «Alde Zaharra koloreztatu gura dugu, eta bizitasuna eman», esan du Turismo, Merkataritza eta Garapen zinegotzi Irune Ormaetxeak.Ekainaren 11tik 28ra bitartean izango da lehiaketa, eta hiru maila egongo dira: balkoiak, leihoak eta fatxadak. Fatxaden kategorian, kalera ematen duten etxe guztiek parte hartu beharko dute. Fatxadarik ederrenak 300 euroko saria jasoko du. Etxebizitza bakoitzeko arduradunak, bestalde, Aita Guria baleontzirako bi lagunentzako sarrera berezi bat jasoko du; 2016an nahi beste aldiz sartu ahalko dute.
Leihorik ederrenak Alde Zaharreko tabernetan kontsumitzeko bonoa eta Aita Guria-rako sarrera berezi bat jasoko ditu. Balkoirik ederrenak Berton elkarteko dendetan gastatzeko 150 euro eta Aita Guria baleontzirako sarrera berezi bat jasoko ditu.
Berualako zuzendari Santi Muruaren arabera, «Alde Zaharra indartzeko eta biziberritzeko pentsatu diren ekimenetako bat da lore lehiaketarena».
Hilaren 29an, sari banaketa
Lehiaketari hasiera emateko, zapatuan, lore erakusketa eta azoka egingo dituzte, 11:00etatik 15:00etara, Goiko Plazan. Lore lehiaketan parte hartu gura dutenek azokan izango dute izena emateko aukera. Hala ere, ekainaren 27ra arte eman daiteke izena, Berualan. Epaimahaia, ostera, hilaren 28an batuko da; diotenez, «bizitasuna, edertasuna eta osotasuna» kontuan hartuko dituzte erabakia hartzerakoan. Ekainaren 29an banatuko dituzte sariak, 12:00etan, Goiko Plazan.
Bihar, giroa berotzen hasteko, Alde Zaharreko tabernen pintxopotea lorez jantziko da. Bezeroen artean, lore sorta ezberdinak zozkatuko dituztela adierazi dute, eta tabernak eta dendak lorez jantziko dituzte.