Ekainaren 17ra arte aurkez daitezke Mutrikuko Malen jaiak iragartzeko kartelak
Mutrikuko Udalak 2016ko Malen jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketaren deialdia zabaldu du. Ohi modura, bi lehiaketa daude martxan: bata, egitarauaren azalean joango dena, eta bestea, Haurren Eguneko egitarauko azala izango dena. Lanak ekainaren 17a aurretik aurkeztu beharko dira udaletxeko harreran, astelehenetik barikura, 09:00etatik 14:00etara.
Udalak nabarmendu duenez, lehiaketan nahi duen guztiak parte hartu ahal izango du, banaka edo taldeka. Hori bai, egile bakoitzeko lan bakarra onartuko da. Haurren Eguneko orriko kartel lehiaketari dagokionez, 16 urtetik beherakoek parte hartu ahal izango dute. Sariei dagokionez, bi sari egongo dira; jaiak iragarriko dituen kartelaren irabazleak 300 euro jasoko ditu, eta Haurren Egunekoak, berriz, 100 euro.
Gaiari dagokionez, kartelaren gaiak jaiekin eta Mutrikuko herriarekin zerikusia eduki beharko du. “Teknika eta koloreak libreak izango dira, eta lanak DIN A3 baten aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean. Era berean, kartela euskarri digitalean ere aurkeztu beharko da, jpeg formatuan eta gutxienez, 300 ppp kalitatean”. Lanak egilearen sinadura gabe aurkeztuko dira, eta beste kartazal itxi batean ipiniko dira egilearen identifikazio datuak.