Emakumeek korrika egiteko taldea sortzea lortu dute
Emakumeek kalean korrika egiteko taldea sortu asmoz, joan den maiatzeko kirol ekimena horretara bideratu zuten. Andrak korrika? Bai, zergatik ez? Ahal da eta ahal dozu izena jarri zioten ekimenari, eta maiatzaren 14an, 30 emakumek bat egin zuten deiald...
Taraska Gazte Zahar taldeko kide Ana Uriarte da ekimenaren bultzatzaileetako bat, eta hark azaldutakoaren arabera, «aste batzuk igaro ondoren, 48 neska ari dira kalean korrika egiten». Taldea zabalik dago, gainera, gura duenarentzat.
«Oso pozik» dago Uriarte taldea sortu delako: «Orain dela gutxira arte gizonekin ibiltzen nintzen korrika, eta denbora asko daramat ideia horregaz buruan. Herriko beste bi neskagaz batu, eta ekimena martxan jartzea erabaki genuen».
Azaldu duenez, astean lautan batzen dira; «bakoitzak ahal duen egunean egiten du korrika, eta hamabost lagun inguruko taldea ibiltzen gara». Martitzenetan, eguaztenetan eta eguenetan 20:30ean jarri dute korrika egiteko ordua; zapatuetan, berriz, 09:00etan. San Martinen batzen direla azaldu du Uriartek. Whatssap talde bat ere sortu dutela adierazi du, korrika egiteko hitzorduak jartzeko. Neskak «gogotsu» daudela azaldu du.
Maila guztiak
25-35 minutu inguruko saioak egiten dituzte, eta maila guztietarako lekua dagoela aipatu du. Taldea irekia da, «eta nahiz-eta 30 urtetik gorako andreei dei egiten diegun, gazteagoentzako lekua ere badago».
Kirol ohiturak ez dituzten emakumeei hasierako bidean laguntza eman nahi die. Beraz, herriko emakume guztiak korrika egitera animatzen dituzte. Gura duenak Araneko kiroldegian eman dezake izena, edo bestela, jarritako hitzorduetara agertzea baino ez daukate.