Jaurlaritzak mendiaren magaleko lanen kostua
euren eskumenetatik kanpo geratzen dela eta orain arte egin moduan
Bizkaiko Foru Aldundiagaz harremanetan jartzeko esan dio Ondarroako Udalari. Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak Jaurlaritzaren erantzuna ez zutela espero eta “desilusionatuta” bueltatu direla esan du.
“Jaurlaritzarekin izandako bileratik proposamen batekin bueltatuko ginela espero genuen, eta ez da horrela izan. Erakunde guztiengandik
babes gehiago jasotzea espero genuen“. Dena dela, finantzazioa lortzeko “ahalegin guztiak” egiten jarraituko dutela gaineratu du.
Iñigo Urkullu Lehendakariak jakitera eman duenez, “Eusko Jaurlaritzak ez du utzi eta ez du utziko Ondarroa bakarrik”. Hasiera-hasieratik eta baita gerora ere, laguntzak bideratu dituztela agertu du. “Jaurlaritza hor egon da herritarren segurtasuna bermatzeko, etxebizitzetatik atera behar izan zutenei etxebizitzak esleitzeko (Alokabide) eta horiei bestelako laguntzak emateko (Kontsumobide), eta negozioei aparteko diru laguntzak emateko”.
Iñigo Urkullu Lehendakaria, martxoan Kamiñalden adierazpenak ematen.
Dena dela, mendiaren
magala konpontzeko lanak ez direla
Jaurlaritzaren eskumena berretsi du Urkulluk. “Gure ustez, Ondarroako Udalari dagokio finantzazio plana bideratzea. Eta behin hori eginda, nahiz eta alor batzuk gure eskumenekoak ez izan, Jaurlaritza hor egongo da, orain arte lez, erakundeen arteko elkarlanean laguntzeko”.
Jaurlaritzak Alokabideren bitartez eta lehen beharrizanetarako diru laguntzekin laguntza eskaintzen jarraituko duela baieztatu du.
Zehatz esateko, ondokoekin bildu dira udal ordezkariak: Ana Oregi Ingurumen eta Lurralde Politika Sailburuagaz, Almudena Ruiz de Angulo Ingurumena eta Lurralde Politika eta Garraio Azpiegituren zuzendariagaz eta Irune Berasaluze Alokabideko ordezkariagaz.
Halaber, Jaurlaritzaren jarrera ikusita, kezkatuta agertu da Bedialauneta. “Gure kezka da aldundiak ematen duen diru laguntza nahikoa ez izatea; orain arte eman diguna motz geratzen da”. Beraz, hurrengo pausoa aldundiagaz berriro ere batzartzea izango dela aurreratu du. “
Unai Rementeria ahaldun nagusiagaz eta
Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatuagaz
bilera egiteko eskaera egingo dugu
bihar [ekainak 10]. Espero dugu bide berriak irekitzea”.
Oregik, bere aldetik, lur jausiak eragindako kalteen konpontze lanetan erakundeen arteko lankidetza eman dadin, “finantzaketa plan bat aurkeztea beharrezkoa” dela jakitera eman dio alkateari. Jaurlaritzak gaineratu duenez, “hasiera batetik ikusi da erakundeek lan egiteko duten borondatea”.
Beste alde batetik, zapatuan [ekainak 11]
Saiñazio mendi azpixan gestorak agerraldia egingo du, 11:00etan. Auzotarrei gorriz jantzita joateko deia egin diete.