Muxikako VII. Gazte Egune ospatuko dute zapatuan, egun osoko egitarauagaz
E.T.S., Bacbone, Trikizio eta DJ TPR taldeek girotuko dute gaua. Aurten ere karpa bat jarriko dute, jai eremua babesteko. Paella txapelketa, kuadrillen olinpiadak eta dantzak egongo diraZazpigarren urtez egingo dute zapatu honetan Muxikako Gazte Egune,...
E.T.S., Bacbone, Trikizio eta DJ TPR taldeek girotuko dute gaua. Aurten ere karpa bat jarriko dute, jai eremua babesteko. Paella txapelketa, kuadrillen olinpiadak eta dantzak egongo dira
Zazpigarren urtez egingo dute zapatu honetan Muxikako Gazte Egune, San Roman auzoan. Muxikako Udalaren laguntzagaz Erdu Gazte Asanbladak antolatutako jaialdiak merezitako tokia hartu du udako jaien egutegian, eta urtero legez, programa zabal bategaz ospatuko dute muxikar gazteen jai eguna. Aurtengo kontzertuetan E.T.S. eta Backbone taldeak igoko dira oholtzara. Ondoren, Trikizio erromeriak girotuko du jaia, eta DJ TPRren emanaldiagaz bukatuko da gaua.10:00etan hasiko dute jaieguna, txupin jaurtiketagaz. Ordubete beranduago, paella txapelketarako izen ematea irekiko dute, janaria prestatzen hasi daitezen. Ibarruri auzoko Baso Txoritxu dantza taldeko haur eta gazteek emanaldia ere egingo dute, eta bazkalaurrean Aldats erromeriak girotuko ditu San Roman baselizaren inguruak.
Bertso bazkarirako batuko dira bertaratutakoak, prestatu dituzten paellak dastatzeko. Bazkaria girotzeko, Asier Galarza, Ibai Amillategi eta Julen Ibarguengoitia bertsolariek emanaldia egingo dute. Horren ostean, paellarik onena eta txarrena nortzuk egin duten jakinaraziko dute epaileek, eta jarraian jokoez eta herri kirolez osatutako kuadrillen arteko olinpiadak egingo dituzte. 19:00etan Happy Hour berezia egingo dute, edariak merkeago salduz kontzertuak hasi bitartean.
Aurten ere karpa bat jarriko dute, euria eginez gero ekintzak normaltasunez egiteko.
Bestalde, antolatzaileek gogorarazi dute Muxikara joateko autobus eta tren zerbitzuak daudela gauez ere Gernika-Lumotik. Hurrengo goizean garbitzera joatera ere animatu dituzte zapatuan bertaratzen direnak, auzotarrei eragozpenik ez eragiteko.
#MuxikekoGazteEgune traola ere jarri dute, sare sozialetan egun honetako argazki eta iruzkinak elkarbanatzeko.