Mexikar ukituagaz datoz aurten Amorotoko Oletako Pazko jaiak. Izan ere, Xabier Saldias
Egan taldeko abeslariaren Oletako azken kontzertua izango da, eta haren Mexiko Mexiko kanta ezaguna aitzakiatzat hartuta, Mexikar Eguna ospatuko dute astelehenean. Amorotarrek jaie amaiera berezia emango diete, beraz, aurtengoan. Baina, astelehena aurretik, asteburuan ere giro ederra izango da nagusi Oletan.
Tradizioari eutsiz,
tortilla txapelketagaz ekingo diete Pazko jaiei bihar [ekainak 11] arratsaldean. “Txapelketa baino, denok batzeko aitzakia izaten da. Ez dago saririk; kuadrilletan batzea da asmoa, ahalik-eta jende gehien elkartzea jaiei hasiera emateko”, gogora ekarri dute Oletako Jai Batzordeko kideek.
Oletako jai batzordeko kideak tortillak ikuskatzen. Argazkia: Oletako Jai Batzordea
Arratsalde eta iluntze pasa jan-edanean egin ostean, gauean Euskal Herriko hiru talde ezagunen kontzertuekin gozatzeko aukera edukiko dute bertako zein inguruko bizilagunek. Hain zuzen ere, eskualdeko talde bat igoko da lehenengo oholtzara. Sustrajah Band talde lekeitiarrak dantzan jarriko ditu bertaratzen direnak bere reggae doinuekin.
Ondoren, Donostiatik etorritako
Ze esatek taldearen txanda izango da. Rock, reggae eta ska estiloak uztartzen dituen talde gipuzkoarraren kanta itsaskorrekin gorputzak astinduko dituzte askok eta askok. Amaitzeko, Akerbeltz talde bilbotarrak girotuko du plaza. Estilo desberdinak batzen ditu taldeak –ska, punk, rock eta euskal folklorea–, eta goizalderarte dantzan eta kantuan aritzeko aukera paregabea eskainiko dute.
Autobus zerbitzua
Azken urteetan legez, jai batzordeak autobus zerbitzua jarriko du bihar gauean,
Lekeitiotik Oletara hurbiltzeko. 22:00etan hasi eta 06:00ak arte emango dute zerbitzu hori. Lekeition autobusa Eskolapetik irtengo da Amorotorantz.
Biharamunean [ekainak 12], Oletako zelaian batuko dira amorotarrak. Meza entzun ostean, Arta Nagusi dantza taldearen erakustaldiaz gozatuko dute. Halaber, Amaia eta Janire trikitilariek girotuko dute zelaia eguerdian.
Arta nagusi dantza taldekoen saioa. Argazkia: Oletako Jai Batzordea
Arratsaldean,
Mendexako, Berriatuko eta Mendaroko taldeek giza proba dema lehiatuko dute. Neska-mutil talde bakoitzak 20 minutuko saioa burutuko du, zeinek marka onena lortu. “Ez da talde mistoak dauden lehen aldia, iaz mutilen taldeak egon ziren, baina orain dela bi urte, esaterako, emakumeek ere parte hartu zuten”. Proba amaitzean, zozketa egingo dute. Bainuetxe bateko asteburuko egonaldia, urdaiazpikoa eta Kriantza ardo kaxa zozkatuko dituzte.
Eguna borobiltzeko, Itsaso eta Irune Elizagoienen eskutik erromeria izango dute.
Animazioa umeentzat
Astelehenean, mexikar apaingarriekin beteko dute plaza, Mexikar Eguna ospatzeko. Era berean, ume, gazte zein nagusiei mexikar arropak soinean janzteko deia luzatu diete Oletako Jai Batzordeko kideek.
Arratsaldean, nagusiek ingurua atondu bitartean, Bat, Bi, Hiru Festa animazio taldearen eskutik, puzgarriak, erraldoiak eta jolasak egongo dira umeentzat. “Orain arte jai batzordean prestatzen genituen umeentzako jolasak, baina, aurten, animazio talde bat ekartzea pentsatu dugu. Haiek dena eskaintzen dutenez, umeek primeran pasatzeko aukera dute”.
Umeak puzgarrietan jolasteko zain, Oletan
23:00ak aldera hasiko da
Egan taldearen erromeria. Jai batzordeak Lekeitiotik autobusez bertaratzeko aukera eskainiko du, 22:30ean hasi eta 00:00ak arte. Bueltarako, berriz, 02:30etatik 04:00etara egongo da zerbitzua.
“Egun berezia da guretzat astelehena. Garai batean jendetza batzen zen; arrakasta itzela zeukan, baina asko galdu du. Jai batzordetik bultzada ematen saiatu gara, eta egia da azken urteetan apur bat igo dela”.
Beraz, Eganen abesti ezagunekin kantuan eta dantzan plaza bete jende batzea espero dute jai batzordeko kideek. Goizaldean, urtero barre algara itzelak eragiten dituzten gizonen eta emakumeen
estriptise-ik ez da falta izango.
EGITARAUA
Zapatua, ekainak 11
- 20:00. Tortilla txapelketa.
- 23:00. Kontzertuak: Sustrajah Band, Ze Esatek eta Akerbeltz.
Domeka, ekainak 12
- 12:30. Meza, Oletako zelaian.
- Jarraian. Amorotoko Arta Nagusi dantza taldearen saioa.
- Eguerdian. Amaia eta Janire trikitilariak giroa alaitzen.
- 18:30. Giza proben dema, Mendexako, Berriatuko eta Mendaroko neska-mutilekin.
- Jarraian. Erromeria Itxaso eta Irune Elizagoienen eskutik.
Astelehena, ekainak 13. Mexikar Eguna
- 17:30. Bat, Bi, Hiru Festak girotuta, puzgarriak, jolasak eta erraldoiak.
- 23:00. Erromeria Egan taldeagaz.
- 00:45. Gizonen eta emakumeen estriptise-a.