Biosfera Erreserban, ur zikinak hondartzetara
Sukarrietako Toña hondartzan ez ezik, San Antonio hondartzan ere bainurik ez hartzeko gomendatzen duen kartel bat jarri dute, uraren kalitate txarragatik. Arazo hori saneamendu planagaz konpontzea espero dute.Europar Batasunak San Antonio hondartzan b...
Sukarrietako Toña hondartzan ez ezik, San Antonio hondartzan ere bainurik ez hartzeko gomendatzen duen kartel bat jarri dute, uraren kalitate txarragatik. Arazo hori saneamendu planagaz konpontzea espero dute.
Europar Batasunak San Antonio hondartzan bainurik ez hartzeko gomendioa egin zuen duela zenbait aste, uraren kalitate txarragatik. Europako Ingurugiro Agentziak (AEMA) egin zuen gomendio hori, kutsadura neurtzen duten adierazleek uraren kalitatea bainurako egokia ez zela adierazten zutelako.Baina San Antonioko urak ez dira kalitate txarreko bakarrak. Sukarrietan, Toña hondartzan, uraren kalitatea Europar Batasunak agintzen dituen mugetan mantendu da 1992 urtetik, kutsadurari dagokionez. Izan ere, Txatxarramendi irlaren eta trenbidearen artean kokatzen den hondartza txiki horretara isur-tzen dira herriko ur zikinak, zulo septiko batetik pasatu ondoren. Ondorioz, bainurik ez hartzea gomendatzen duen kartel bat dago jarrita hondartza horretan hainbat urtean.
San Antoniori dagokionez, hondartzako uren kalitate txarra nabaria izan da urte askoan; batez ere, itsasbehera denean. Sorosle eta hondartzainek azaldu dutenez, bainurik ez hartzeko aholkatzen dute egunero, bozgorailuetatik, eta uretara sartzea erabakitzen dutenei ostean dutxa bat hartzea aholkatzen diete.
Ura beste urte batzuetan bezala dagoela diote: «Hondartza honetako ura beti egon da apur bat zikin, eta itsasaldiak ere edukitzen du zerikusia; hau da, marea behera dagoenean ura zikinago egoten da, barruko aldetik datorrelako eta ur gutxiago dagoelako», azaldu dute.
San Antonioko hondartzan jartzen duten bandera, bestalde, korronte edo olatuen araberakoa izaten dela argitu dute sorosleek, eta ez duela zerikusirik uraren kalitateagaz. Uraren kaliatearen berri hondartza sarreran dagoen kartel batek ematen dulea aipatu dute: «Kartel horrek adierazten du uraren kalitatea ez nahikoa dela».
1986. urtetik hona, Eusko Jaurlaritzako teknikoek astero neurtzen dute uraren kalitatea, bainu sasoian ekainaren 1etik irailaren 30era arte. Hain zuzen ere, urriaren 11ko RD 1341/2007 zuzentarauari jarraituta egiten dituzte neurketa horiek. Europar Parlamentuaren 2007/CE araudian oinarritzen da Jaurlaritzarena, eta kostaldean bainua hartzeko araudia ezartzen du, kutsaduraren maila adieraziz.
Ur fekalak
Neurketa horiek egiteko, eguzkiaren argitik babestutako ontzi esterilizatuetan sartzen dute hondartzetako ura, gero laborategian aztertzeko. Proba horietan, ur kutsatuetan egoten diren Hesteetako Enterococos bakteriaren presentzia aztertzen dute. Escherichia Coli edo E.coli bezala ezagutzen dena ere behatzen dute. Uraren tenpreatura eta PH edo azidotasuna ere aztertzen dute.
Conchi Onaindia Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Osasunerakoko arduradunak azaldu duenez, azterketa horiek hondartzeko kutsadura fekala kontrola- tzeko egiten dituzte; hondartza sasoia amaitzen denean urteko ebaluazio orokor bat egiteko. Uraren kalitatearen arabera, gutxiegi, nahikoa ona edo bikain bezala sailkatzen dute, bainatzeko gomendioa ezarriz.
Aipatutako dekretuak zera esaten du: «Uraren kalitatea bost urtez jarraian gutxiegikoa bezala sailkatzen baldin bada, bainua debekatzeko edo ez bainatzeko gomendioa emango da». San Antonion hori gertatu da.
Jatorria
Kutsadura horren jatorria Oka ibaia dela azaldu du Onaindiak: «Itsasadarrak herrietako hondakinak jasotzen ditu, batzuk halabeharrez eta beste batzuk Gernikako depuragailuaren funtzionamendu txarraren ondorioz. Hauek Oka ibaian bukatzen dute, garbiketa egokia jaso gabe».
Gernika-Lumoko araztailearen arazoaz gain, eskualdeko beste hainbat herrik ez dute ur zikinak garbitzeko sistemarik, eta, beraz, sortzen duten ur zikina zulo septikoen bidez bideratzen dute, ur kutsatuak ibaira bidaliz.
Onaindiak gaineratu du, bainurik ez hartzeko gomendioa badaezpadako neurri bat dela, osasun arazoak eragozteko. Azalak edo mukosek ur kutsatuagaz kontaktu zuzena izatearen ondorioz edo ura irensteagatik sortu daitezke, hain zuzen ere, osasun arazoak.
Ekologisten kritikak
Greenpeace eta Zain Dezagun Urdaibai talde ekologistek askotan kritikatu dute Urdaibai bezalako eremu natural batean ur zikinak tratatzeko baliabiderik ez izatea. Euskadiko Biosfera erreserba bakarra izan arren, ur zikinak batzeko eta garbitzeko sistemarik ez duen eskualde bakarra dela ere salatu dute.
Era berean, egiten dituzten analisietan, urak izan ditzakeen metal astunenen prezentzia ez aztertzea ere salatu dute ekologistek. Urteetan eskualdeko indutriek itsasadarrera egin dituzten isurketen ondorioz, horien prezentzia ere kontuan hartu beharrekoa dela diote. Zain Dezagun Urdaibai taldeak dio 70eko hamarkadatik egin dituzten dragatze lanek urak berritzeko prozesu naturala eraldatu dutela eta Muruetako ontzioletako itsasontziak ateratzeko egin dituzten hondar mugimenduen ondorioz, itsasadarraren sakonera naturala zeharo aldatu dela. Horrek ur gutxiago sartzea ekarri duela diote ekologistek, garbiketa prozesu naturala eragotziz eta iraganean urak estaltzen zituen hainbat gune guztiz lehortuz.
Saneamendu plana
Hala eta guztiz ere, egoera horregaz bukatu asmoz, azken urteotan Urdaibaiko saneamendu planak jasotzen dituen obrak egiten ari direla aipatu du Onaindiak. Azpimarratu duenez, 2014tik Lamiarango Hondakin Uren Araztegia (HUA) martxan dago, eta saneamendua hobetzeko hainbat proiektuk arazoa konpontzea ahalbidetzea espero du.
Orain Sukarrieta eta Gernika-Lumo lotuko dituen saneamendurako hobia egiteko lanak esleitu behar dituzte. Gernikako araztegia Lamiarango Hondakin Uren Araztegiagaz (HUA) lotuko dute lan horiek.
Fase guztiak amaitzerakoan, Mundakako itsasadarrera isuri ohi diren ur zikinak bildu eta Lamiarango HUAra bideratzea posible izango da; bai itsasadarreko ezker ertzeko herrietako urak, zein eskumako ertzeko herrietakoak ere.
Proiektu hori URAk (Uraren Euskal Agentziak) eta Busturialdeko Ur Partzuergoak sinatutako lankidetzarako lan hitzarmenari esker egingo da; horren bitartez, saneamendu sarea eraiki- tzea eta ur zikinak Lamiarango HUAra bideratzea ahalbidetuko dute.