Busturialdeko 500 dantzari txiki hartuko ditu Bermeok, domekan
Domeka eguerdian dantza saioa egingo dute Busturialdeko dantza taldeek, Lameran. Guztira hamabi dantza talde batuko dira, eta Euskal Herriko dantzak egingo dituzteBermeon egingo dute aurten Busturialdeko dantzari txikien eguna. Domekan ospatuko dute ja...
Domeka eguerdian dantza saioa egingo dute Busturialdeko dantza taldeek, Lameran. Guztira hamabi dantza talde batuko dira, eta Euskal Herriko dantzak egingo dituzte
Bermeon egingo dute aurten Busturialdeko dantzari txikien eguna. Domekan ospatuko dute jaia, eta, guztira, Busturialdeko zein Bakioko 500 dantzari bilduko dira kostako herrian.Goizeko 11:30ean batuko dira ume denak, Taraskan. Alkartasuna dantza taldea arduratuko da aurten antolaketagaz, eta, taldeko kide Gaizka San Pedrok azaldu duenez, 4 urtetik 13 urtera arteko ume eta gazteek parte hartuko dute domekako ekitaldian. Guztira, hamabi talde bilduko dira.
Hamaiketakoa jango dute lehenengo, eta kalejiran joango dira Lamerara, 12:30ean. Dantza saioari 13:00etan emango diote hasiera. Eguraldia lagun izatea espero du Alkartasunako kideak; hala ere, euria eginez gero, Lameran beharrean, dantza saioa Artza frontoian egingo luketela jakinarazi du San Pedrok.
Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa zein Ipar Euskal Herriko dantzak izango dira domekan umeek dantzatuko dituztenak. Saioa bederatzi zatitan banatuko dutela esan du San Pedrok. Guztira, ordu eta erdiko dantza saioa izango da umeek eskainiko dutena.
Azaroan nagusiena
Bermeoko Alkartasuna dantza taldeak 2008. urtean antolatu zuen azkenengoz Busturialdeko dantzari eguna. Lan handia dela aitortu du San Pedrok; hala eta guztiz ere, gainontzeko dantza taldeen laguntza ere edukitzen dute urtean.
Aurten, gainera, 40. urteurrena du Alkartasunak, eta dantza taldearentzat data berezia ere bada.
Azaroan egingo dute Busturialdeko dantzari nagusien eguna, eta horretarako ere gogotsu daude bermeotarrak. Urteurrena ospatzeko, bestalde, ekitaldi berezi bat egingo dute uztailaren 16an, dantzari eta musikari ohiekin batera.
Irailaren 24an, aldiz, urteurren festa nagusia ospatuko du dantza taldeak.