Kubako kulturara hurbiltzeko leihoa zabalduko dute Astran
Kubako zenbait ekimen ikustarazteko erakusketa jarri dute. Tasio komikigilearen lanak ere ikusgai daude. Gaur eta bihar jaialdia egingo duteErakusketa, hitzaldiak, musika, bazkaria eta beste hainbat ekintza egingo dituzte gaur eta bihar, Astran, Kubako...
Kubako zenbait ekimen ikustarazteko erakusketa jarri dute. Tasio komikigilearen lanak ere ikusgai daude. Gaur eta bihar jaialdia egingo dute
Erakusketa, hitzaldiak, musika, bazkaria eta beste hainbat ekintza egingo dituzte gaur eta bihar, Astran, Kubako kultura eta errealitatea ezagutzera emateko. Bigarren Ireki Leihoa Kubari jaialdian Ventana al Valle proiektuaren berri emango dute. Ekimen horrek Kubako hegoaldean dagoen Viñales herriko kultura jaso eta elkarbanatzen du; horrez gain, hainbat ekintzen sustatzaile ere bada. Jaialdia Abadiñon egin zuten iaz, lehenengoz.Ekainaren 4tik 18ra bitartean, Astrako lehen solairuan, Emakumeak elikadura subiranotasunaren protagonistak erakusketa egongo da ikusgai. Javier Etayo Tasio komikigileak ere, Kuba leihoa mundua komikien erakusketa jarri du ikusgai, kubatarrekin elkartasuna adieraziz.
Erakusketan Ventana al valle proiektuaren irudi eta bideoak ere egongo dira ikusgai, proiektua ikustarazteko eta Kubako elkarlanerako ekimenekin egindakoa erakusteko.
Egitarau oparoa
Gaur arratsaldean emango diote hasiera egitarauari, 17:00etan, Doro ipuin kontalariagaz. 18:30ean, hitzaldia emango dute, Elikadura Subiranotasuna gaia jorratuz. Hain zuzen, EHNE Bizkaia eta Allende Salazar ikastetxearen jantokiaren kasuak izango dituzte berbagai. 21:00etan, Andoñi Egaña, Xabi Paya eta Jon Martin bertsolariek girotuko dute afaria, Josu Goikoetxea gai jartzailearen aginduetara. Gauean, bi neska kubatarrek osatzen duten D Capricho taldeak eta DJ Tropikalak Karibeko doinua jarriko dute.
Bihar, berriz, 11:30ean emango diote hasiera egunari. Hausnarketarako tartea izango dute lehenbizi, eta Zer ari da gertatzen Kuban? galderari erantzuten saiatuko dira Euskadi-Kuba elkarteko kideak. 13:00etan, Tukatukada Gernika-Lumoko batukada taldeagaz batera kalejira egingo dute; eta, ondoren, Urdaibai Kantagunekoek abestuko dute, bazkaltzera joan aurretik.
Bazkarian parte hartzeko 8 euro ordaindu beharko dira. Diru hori Kuban elkartasun proiektuak finantzatzera bideratuko dute. Txartelak salgai daude Astran eta Aterpe eta Arrano tabernetan.
Arratsaldean, La Rama Squad rap taldearen emanaldia izango da, 17:30ean. Ondoren, Ventana al Valle proiektuaren aurkezpena egingo dute, Viñales herrian egiten dituzten ekintzak azalduz eta Kubako txoko horretan bizi duten nekazal eta kultur errealitateak ikustaraziz. Aldi berean, Bizkai, Araba eta Gipuzkoako eta Kubako kulturak zein hurre dauden erakutsiko dute.
Iluntzean, Bermeoko Salsa Kubatarraren Akademiak ikustaldia egingo du, 19:00etan, eta 20:00etan, berriz, nazioarteko Mojito txapelketa egingo dute.
20:30ean hasiko da Habana 537 musika taldearen kontzertua. Sarrera 5 euro ordaindu behar da, eta elkartasun proiektuak bultzatzeko izango da dirua. Ondoren, dantza kubata- rren saioa egingo dute. Gauari DJ Zambroren saioagaz emango diote amaiera.
Antolatzaileek Gernika-Lumoko herritarren parte hartze ikaragarria txalotu dute, «erakutsitako eskuzabaltasunagatik».