Oihana Goikoetxea Osak (Ondarroa, 1993) ia hiru aste egin ditu Idomeniko errefuxiatuen kanpalekuan Enara ahizpagaz batera, mediku arreta eskaintzen. Duela bi aste hustu zuen Greziako Poliziak kanpaleku hori; hiru egun behar izan zituzten horretarako, eta
Goikoetxea han zen kanpalekua husten hasi zirenean.
Zelan bururatu zitzaizuen Idomenira joatea?
Ideia, egia esan, ahizparen lagun batzuei bururatu zitzaien. Gaiari bueltaka hasi ginen, baina airean geratu zen. Telebistan tarteka agertzen diren berriak ikusita, berriro gaiari buruz Interneten ikertzen hasi ginen, eta,
Canal de refugiados webgunean, han beharrean zebiltzan hainbat gobernuz kanpoko erakunderen informazioa lortu genuen; Danimarkako talde bategaz harremanetan jarri ginen. Taldeak mediku arreta eskaintzen zuen Idomenin, eta haiekin joateko gonbita egin ziguten.
Oihana Goikoetxea, Arbide pasealekuan
Zergatik aukeratu zenuten Idomeniko kanpalekua?
Kontaktuan jarri ginen taldea bertan zegoelako joan ginen hara, baina, horrez gainera, zeresan handia eman du kanpalekuak berak ere, eta bertara joatea ere interesgarria iruditu zitzaigun. Kanpalekua Grezia eta Mazedoniaren arteko muga-mugan zegoen, eta ez zen kanpaleku militarizatu bat. Bertan zeuden milaka errefuxiatu, trenbidea itxita; desobedientzia zibila egiten ari ziren. Egia esan, trenbide hori etenda egoteak sekulako gastu ekonomikoa eragin dio Greziari.
Danimarkako taldeagaz zer behar egiteko aukera izan zenuten?
Hara ailegatu eta taldeagaz batu ginenean, Idomenitik kanpaleku militar batera zihoazela esan ziguten.
Eta, egoera horretan, zer egin zenuten?
Gure bostean beste zerbait topatzen hasi ginen. Zerbaitetan lagundu nahi genuen. Ailegatuagaz batera, han eta hemen galdetzen hasi ginen, eta Espainiako talde bategaz topo egin genuen. Herrialde Katalanetako suhiltzaile talde batekin beharrean zebiltzala esan ziguten, eta goizetan haiekin batera janari poltsak prestatzen eta banatzen laguntzen zutela. Arratsaldeetan, ostera, mediku arreta eskaintzen zuten
Alivio Dolores izeneko furgonetan. Hurrengo eguneko txanda ezin zutela egin, eta galdetu ziguten ea euren ordez mediku arreta emango genuen. Horrela hasi ginen
Alivio Dolores izeneko furgonetan laguntzen; ahizpa, mediku lanetan, eta ni, ostera, erizain lanetan. Arratsaldeetan, normalean, furgonetan aritzen ginen laguntzen, eta goizetan, berriz, janaria banatzen edo beste hainbat gauzatan laguntzen.
Gazte batek esan zigun bere etxean 45 lehergailu erori zirela ordubetean, eta gurasoak hiltzen ikusi zituela
Zer-nolako mediku arreta eskaintzeko aukera izan duzue?
Hemengo edozein osasun zentrotan legez, arreta primarioa eskaintzen genuen, eta zer edo zer larriagoa bazen,
Bomberos en Accion edo
Mugarik Gabeko Medikuenera bideratzen genituen gaixoak.
Eta zelako kasuak artatu dituzue?
Batez ere, ubeldurak, bihurrituak, buruko minak, alergiak… Urduritasunagatik eta bizi zuten egoeragatik, asko lo egiteko zerbaiten bila etortzen ziren. Giharretako minagaz zetozen gazte asko ere artatzen genituen: hainbat egunez muga gainditzeko saiakerak egin ostean, erabat minduta etortzen ziren.
Oihana Goikoetxea kanpalekuko haurrekin jolasten. Argazkia: Oihana Goikoetxea
Errefuxiatuek zer-nolako bizipenak kontatu dizkizuete?
Oso istorio gogorrak kontatu dizkigute. 20 urteko gazte batek, adibidez, kontatu zigun bere etxean 45 lehergailu erori zirela ordubetean, eta gurasoak bere aurrean hiltzen ikusi zituela. Baina, batez ere, umeek kontatzen dizkizuten bizipen horiek entzutea da gogorrena.
Zer zioten, ba?
Umeek egindako marrazkietan azkar antzematen zen gerran bizitako sufrimendu hori. Ume batek, esaterako, txorien ordez hegan dabiltzan lehergailuak marraztu zituen. Beste ume bat hankak babaz josita etorri zitzaigun furgonetara. Bero handia zegoen, baina eskiatzeko katiuskak besterik ez zuen janzteko, eta horrek zauriak eragiten zizkion. Harekin jolasten genbiltzala, ahizpa hiltzen ikusi zuela kontatu zigun. Lo planta antzerakoa egiten zuen, hilda zegoela adierazteko.
Zerk bultzatzen ditu ihes egitera, errefuxiatu modura hain egoera txarrean egon arren?
Ez zekiten egoera horrekin aurkituko zirenek. Behin Greziako lurra zapaldu ostean Europara iritsi eta denak hobera egingo zuela uste dute, baina, horren ordez, guztiz kontrako egoera aurkitu dute. Orain bizitzen ari direna amesgaizto bat da, eta ez dakite euren egoera noiz arte luzatuko den ere. Behin eta berriz galdetzen dute muga noiz irekiko duten, eta euren arteko informazioa ere nahasmenez josia dago.
Oso etsita daude. Edozein kanpalekutan goseak hil baino, nahiago dute etxera bueltatu eta gerra batean hil
Europatik datozen berriak entzunda, zelan ikusten dute euren burua ?
Oso etsita daude. Siriara bueltatzea nahiago dutela ere entzun dugu batzuen ahotan; pentsa zenbateraino dauden etsita. Edozein kanpalekutan goseak hil baino, nahiago dute etxera bueltatu eta gerra batean hil. Bizimodu hobea aurkituko dutelakoan hainbeste diru ordaindu diete mafiei, eta egoerak etengabe okerrera egiten duela konturatzen direnean, erabat etsita sentitzen dira. Ez dakite zenbat denbora egon ahalko diren egoera horretan. Hiru asilo mota eskatu ahal dituzte —asilo diplomatikoa, asilo eskubidea eta asilo politikoa—, baina erantzunak jakiteak oso luze jotzen du. Askori urte eta erdi baino gehiagora erantzuten diete, eta ezezkoa ere jaso ahal dute. Asiloak, gainera, orain arte behintzat, Skype bidez eskatu behar zituzten, baina ordenagailu bat edo sakelako bat lortzea oso zaila da, eta Internet konexiorik ez dago toki askotan. Eskaera egitea ia ezinezkoa da, beraz.
Idomeni eta oro har Greziako errefuxiatuen egoera Greziaren arazoa dela uste duzu?
Ez dut uste. Arazoa ez da Greziarena bakarrik, baina Europak haren gain utzi du egin beharreko guztia, eta Grezia gainezka dago. Kritika Greziari ez eze Europa guztiari ere egin beharko genioke, errefuxiatuen arazoa ondo kudeatzen ez jakiteagatik.
Oihana Goikoetxea
Kanpalekuari dagokionez, sartzeko arazorik eduki duzue?
Azken astera arte ez dugu sartzeko arazorik eduki. Azken egunetan polizia kontrolak gehitu egin ziren, eta, nahiz eta pasatzen utzi, identifikatzeko eskatzen ziguten. Egunak aurrera joan ahala, trabak gehituz joan ziren; ez ziguten sartzen uzten, kanpaleku militarra zela argudiatuta. Baina beste bide batzuetatik sartzea lortzen genuen. Azken egunean, ostera, inondik inora ez zuten barrura sartzeko aukerarik ematen. Beste bide batetik sartzeko ahaleginak egin genituen, eta, poliziek kontrolean gelditu gintuztenean, gezurra esan genien. Idomeniko herrira gindoazela esan genien, lagun bat bisitatzera. Mendiko motxila handi bat genuen, botikaz beteta, eta negar gasa botatzen bazuten ere Almax-ekin prestatuta geneukan, badaezpada. Baina ezin izan genuen ezer sartu, hori dena sartzen hasiz gero gure asmoak bestelakoak zirela igarriko zuten eta. Kanpalekua egun batetik bestera hustuko zuten zurrumurrua zebilen egun horietan, eta, beraz, bertan geratzea erabaki genuen. Egoeragaz kezkatuta, ahizpa irten egin zen, eta ni bertan geratu nintzen. Ahizpari etxera laguntzerakoan, polizia sekretuak alboan genituela konturatu ginen, eta horiek bazekiten zeintzuk geratuko ginen barruan. Bertan lotarako prest geratu ginenak nahikoa kontrolatuak gintuzten.
Eta zer gertatu zen hustean?
Polizia sekretuak bazekien han geundela, eta gu geunden kanpadendara etorri ziren ordu batzuetara; kanpalekutik kanpora bota gintuzten beste hainbat boluntario eta kazetarigaz batera; esan ziguten atxilotu eta komisariara eramango gintuztela bestela. Hori bai, gure lagunetako baten batek bertan ezkutatuta geratzea lortu zuen.
Ezkutatuta geratu zirenak noiz arte geratu ziren azkenean?
Tamalez, ezin izan zuten askorik egin. Egun bat eta erdi barruan egoteko aukera izan zuten, eta une oro bertan gertatzen zenaren berri ematen aritu ziren, harrapatu zituzten arte. Kanporatu egin zituzten: Poliziaren furgonetan sartu, komisariara eraman, galdeketa egin, eta, handik gutxira, kaleratu egin zituzten.
Grezian errefuxiatuentzako prestatu duten kanpalekuetako bat, kanpotik. Argazkia: Oihana Goikoetxea
Zer kontatu zizueten barruan geratu ziren lagunek?
Hiru egunean hustu zuten Idomeniko kanpalekua. Autobus asko irten ziren errefuxiatuz beteta Idomenitik, baina, guk dakigunaren arabera, horien erdiak baino ez dituzte eraman autobusetan. Beste erdiek ihes egin dute, oinez. Autobusetan eraman zuten jendea Poliziak nahi zuen tokira eraman zuten, eta batzuk euren kabuz irten ziren beste toki baten bila.
Autobusetan eraman zituztenei nora zihoazela esan zieten?
Autobusetan sartu zituztenek ez zekiten nora zeramatzaten ere. Haiekin kontaktuan jarri gara, eta Sindos moduko kanpaleku militarretara eraman dituztela jakin dugu.
Greziari ez eze Europa guztiari ere egin behar genioke kritika, errefuxiatuen arazoa ondo kudeatzen ez jakiteagatik
Idomenitik kanporatuak izan eta gero, zertan aritu zarete?
Euskal Herrira bueltatu aurretik hiru egun genituen, eta kanpaleku militarretara joan ginen laguntza eskaintzera. Batean, esaterako, ez zegoen Idomenitik etorritako jenderik. Ez ziguten sartzen utzi, baina, handik edo hemendik, hesia salto egin eta barrura joatea lortu genuen. Gero, beste kanpaleku militar batean ere egon ginen, eta han Idomenitik etorritako batzuekin topo egin genuen. Jendea ailegatzen ari zen, oinez zetozen eta, baina bigarren kanpaleku hori beteta zegoen, eta ez zegoen jende gehiagorentzako nahikoa tokirik. Beste kanpaleku batera ere joan ginen, baina ez ziguten barrura sartzeko baimenik eman. Hor, gainera, Idomeniko lagun batzuk aurkitu genituen.
Nola ailegatu ziren kanpaleku berrira Idomeniko lagun horiek?
Kanpalekura euren kabuz joan zirenez, ez zieten barruan lo egiteko aukerarik eman, eta esan ziguten gaua kanpoan, errepidearen ondoan eman zutela. Bertan geundela taxi bat hartu eta alboko kanpalekura joatekotan zeuden. Egunero egoten gara kontaktuan, eta orain dauden kanpalekuan oso egoera eskasean daudela diote. Idomenin baino askoz txartoago daudela diote.
Industria nabeetan sartuta daude orain asko eta asko, argirik barik, ur edangarririk barik… egoera tamalgarrian
Beste kanpalekurik ezagutzeko aukerarik izan duzue?
Bai, beste kanpaleku batera ere joateko aukera izan genuen. Sartzeko baimenik eman ez baziguten ere, handik edo hemendik sartu, eta hango errefuxiatuekin harremanetan jartzeko aukera izan genuen. Idomenin egondako familia bategaz te bat hartzen egoteko aukera izan nuen, eta familiako amak aitortu zidan Idomeni ez zela irtenbidea. Idomenin txarto zeudela esan zidan, baina kanpaleku berrian egoera oraindik ere kaskarragoa zela ere bai. Industria nabeetan sartuta daude orain asko eta asko, argirik barik, ur edangarririk barik… egoera tamalgarrian. Eta boluntarioek ez daukate hor sartzeko aukerarik. Kanpaleku berrietan kartzela batean legez sentitzen dira, askatasunik barik. Idomenin, batetik bestera ibiltzeko espazio librea zuten, baina, orain, nabeetan ez dute horrelakorik.
Esperientzia horren ostean bueltatzea tokatu zaizue.
Etxera bueltatzeko gogoa banuen ere, hangoak nola geratu diren pentsatu hutsagaz, etortzea ez da batere erraza izan. Oraindik ere burua eta bihotza han dauzkagu. Egia esan, han pasatzen ari direna ez da bidezkoa, eta, hemen gaudenez, errefuxiatuen egoera aldatzeko hemendik egin beharko dugu lana. Han behar asko dago egiteko, baina hemendik gehiago egin daitekeela deritzot. Hemendik ez badiogu arazoari irtenbide bat ematen, nekez konponduko da han duten egoera tamalgarria. Gerratik ihesi datorren jendea dira, gure moduko familiak, eta indarrak batu behar ditugu haien egoera aldatzeko.