Uda sasoiarekin batera, Euskal Kostaldeko
Geoparkeak bere eskaintza turistikoa handitu egin du, irteera gidatuen programa indartuz Geoparkea osatzen duten hiru herrietan: Mutrikun, Deban eta Zumaian. Gaur [ekainak 10] goizean egin da Geoparkeko bisita gidatuen programa berriaren aurkezpena Deban, eta bertan izan dira Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Pedro Bengoetxea Debako alkatea, Oier Korta Zumaiako alkatea, Leire Barriuso Geoparkeko gerentea eta Esti Irureta Zumaiako turismo teknikaria.
Ekainean, uztailean, abuztuan eta irailean, Geoparkeak
egunero eskainiko ditu bisita gidatuak, bertako ondare geologikoa, naturala eta kulturala ezagutzera emateko. “Datozen hilabeteetan, goi denboraldian bete-betean murgilduta, bisitarien kopuruak gora egingo duela aurreikusirik, eta bisitari hauei harrera bikaina egin eta kalitateko zerbitzua eman nahian, Geoparkeak asten 30 irteera baino gehiago eskainiko ditu, irailaren 30era arte. Udara begira, 563 bisita gidatu programatu dira”.
Geoparkeko udako bisita gidatuen programaren aurkezpena, Deban. Argazkia: Geoparkea
Bisita gidatuen programa berria ekainean jarri da abian, eta bi proposamen berri jasotzen ditu. Mutrikuko, Debako eta Zumaiako kultur eta itsas ondarea ezagutzera emango duen
Geoparkeko herriak bisita gidatua da lehenengo proposamena. 90 minutuko bisita hiru herrietako batean egingo da, eta bertan, bisitariak itsasoari eta itsas kulturari estu lotutako herri bat deskubrituko du, alde zaharreko eraikin eta monumentu nabarmenak bisitatuz.
Bigarren proposamena, aldiz, Geoparkearen bihotzean egingo den
umeei eta familiei zuzendutako Lasturko plaza irteera da. Errota zaharrean artoa eho ondoren, talo tailerrean parte hartuko dute familiek eta bukatzeko, Lasturko plazan elkartu eta euskal jolas tradizionaletan arituko dira: txingak, sokatira, lokotx biltzea, zaku lasterketa… “Irteera honetan umeak izango dira protagonista, besteak beste, euskal jolas tradizionalak berreskuratu eta sustatu nahi dira proposamen honetan. Bisita hau, gainera, Lasturren bertan zabaldu berri den Geoparkearen interpretazio gunea ezagutuz osatu ahal izango da. Espazio edo gune berri honek Lasturko haran ezkutua hobeto ezagutzeko aukera eskaintzen du”.
Era berean, Geoparkera hurbiltzen diren bisitariek ohiko ibilbide turistikoak egin ahal izango ditute, guztira,
13 proposamen; itsasontzian irteerak, ibilbide geologikoak eta kulturalak, barnealdeko bailarak ezagutzeko jarduerak…