Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailari eutsi dio 2016-17 denboraldirako
Mailari eusteko kanporaketaren bueltako partidan talde gernikarrak 94-18 irabazi dio CAU Valenciari. Joaneko neurketan zein bueltakoan nagusitasun osoz jokatu dute basurdeekGernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailan jarraituko du. Talde gernikarra erraz nag...
Mailari eusteko kanporaketaren bueltako partidan talde gernikarrak 94-18 irabazi dio CAU Valenciari. Joaneko neurketan zein bueltakoan nagusitasun osoz jokatu dute basurdeek
Gernika Rugby Taldeak Ohorezko Mailan jarraituko du. Talde gernikarra erraz nagusitu da maila mantentzeko kanporaketan.Herenegun Urbietan jokatu zuten mailari eusteko kanporaketaren bueltako partida; 94-18 nagusitu zen etxeko taldea CAU Valenciaren kontra. Joanekoan 7-35 irabazi zuten gernikarrek.
Giro itzela sortu zuten Urbietan bildutako zaleek, eta basurdeek ez zieten hutsik egin, joko bizia eta dotorea erakutsiz.
Etxekoak indartsu zelairatu ziren; lehen minutuan Juan Pablo Pietrellik entsegua lortu, eta Sebastian Joel Berterok transformatu zuen. Horrela, 0-7 jarri ziren aurretik markagailuan.
Handik bost minutura, Jon Magunazelaiaren entsegua heldu zen, eta Berterok ez zuen transformazioan hutsik egin. Markagailua berdintzeko ahaleginean, Valentziarrak erasoan saiatu ziren, baina, haien erasoko jokaldi batean, Pietrellik baloia lapurtu, eta bere bigarren entsegua egin zuen. Berriro ere Berterok izan zuen transformatzearen ardura (21-0).
Bi taldeen arteko aldea murrizten saiatu ziren valentziarrak, basurdeek utzitako hutsuneak aprobetxatuz. Horrela lortu zuten haien lehen entsegua.
21-8-ko markagailuagaz zirela, Jamie Verranek beste entsegu bat lortu zuen etxekoentzat hemezortzigarren minutuan, eta Berterok transformatu zuen.
Basurdeak zelaian nagusi
Erritmo bizia ipini zuten basurdeek. Batik bat, Pietrelli eta Verran azkar ibili ziren erasoko jokaldietan. 20. minutuan, Pietrellik beste entsegu bat egin, eta Berterok transformatzea lortu zuen.
Atsedenaldira heldu aurretik, beste bi entsegu egin zituzten basurdeek. 49-11-ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Lehen zatiaren bide beretik hasi zen bigarrena ere. Jokoari ekin eta berehala etorri zen gernikarren entsegua, baina, kasu horretan, Berterok zentimetro gutxigatik ez zuen transformatzerik lortu.
Hala ere, basurdeak nagusi ziren zelaian, eta ez ziren konformatu errenta mantentzeagaz. Gainera, aurkaria ez zen arrisku jokaldirik egiteko gai izan.
Entseguz entsegu markagailuko aldea handituz joan zen, eta basurdeek baloia bereganatzen zuten bakoitzean aurkariak estutzea lortu zuten.
CAU Valentziak bigarren entsegua egitea lortu zuen, baina, markagailuko aldea handiegia zen ordurako (82-18). Gainera, valentziarren entseguari beste entsegu bategaz erantzun zioten etxekoek, 89-18 jarriz.
Partida amaitu aurretik, Afteek bere eguerdiko hirugarren entsegua egin zuen. Azken hori Berterok ez zuen transformatzea lortu.