Iazko Goiko Alde Zaharreko jaiek izan zuten arrakasta eta gero, aurten jaiak bigarrenez antolatu dituzte Gabeko Izarrak Kultur Elkarteko kideek. Herriko hainbat talderen eta auzotarren laguntzagaz, Ondarroako Alde Zaharrean jaiak ospatuko dituzte bihartik [ekainak 16] domekara [ekainak 19] bitartean.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, “garai bateko jaiak gogora ekarri” nahi dituzte hurrengo egunotan. “Gure asmoa
Alde Zaharrari egun batzutako protagonismoa ematea da, sasoi batean egiten zen modura”.

Iazko jaiak
Jaiak ofizialki barikuan [ekainak 17] hasiko badira ere, bihar hasiko dira giroa berotzen. Pixape, Goiko Kalea, Iparkale, Erribera, Kaleandi eta Kamiñalde apaintzen ariko dira jaiei begira kaleek itxurarik dotoreena edukitzeko, hain zuzen ere. Horretarako, auzotarren laguntza eskatu dute.
Iaz egin modura, bariku arratsaldean
sei turrun jota hasiko dituzte jaiak, eta jarraian, buruhandien kalejira egingo dute Pixapetik hasi eta Kamiñaldera bitartean. Bihar ez eze, hurrengo bi egunetan ere buruhandien kalejirak egingo dira musikariekin batera.
Iluntzean, ostera, II. Moda topaketak egingo dituzte Kamiñaldeko plazan, eta atsedenaldian, ezustekoren bat edo beste egongo direla aurreratu dute. Besteak beste, zuzeneko musika eta Ondarroako Saltsa dantza taldeak girotuko dute atsedenaldia. Horrez gainera, orain aste batzuk istripuan hildako Aitor Marquez
Txuki-ri omenaldia egingo diote. “Minutu bateko isilunea egingo dugu bere omenez, eta gurasoei plaka bat emateko asmoa dugu”. Eguna amaitzeko,
8 apellidos catalanes filma proiektatuko da Kofradia Zaharrean.

Buruhandiak Kaleandin zehar
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gainera,
hainbat berritasunekin datoz jaiak. Zapatu [ekainak 18] goizean, esaterako, meza egingo dute Antiguan Alde Zaharreko hildakoen omenez, eta gauean, ostera,
Bandolero suzko zezen eletronikoa ibiliko da Itsasaurren zehar. Suzko zezenaz gain, guatekea, gantzontzillo eta pantaloi lasterketa egingo dituzte estreinako, zapatu gauean.
Jaien azken egunari dagokionez,
umeei zuzendutako eguna izango dela jakitera eman dute. Alde Zaharreko guraso elkartearen laguntzagaz, domeka [ekainak 19] arratsalderako beti-betiko jolasak, txokolatada eta buruhandien kalejira egingo dituzte. Besteak beste, zaku lasterketa, arrautza lasterketa, sokatira, zapi eta aulki jokoan jolasteko aukera egongo da Kamiñaldeko plazan, estreinako.
Zenbaki berria
Jaietan egingo diren ekintzetan, gainera,
janari bilketa solidarioa egingo dute. Batutakoa, gero, Danonartin elkarteari emango diote. “Nahi dutenek egingo ditugun ekintzetara jatekoa ekartzeko aukera izango du. Edozer delakoa ere ongietorria izango da”.
Gabeko Izarrak kultur elkarteko kideek aurreratu dutenez, bestalde,
Gabeko Izarrak aldizkariaren zenbaki berria jaien ostean prest izango dute. “Azken ikutuak ematen ari gara, eta laister betiko tokietan erosi ahalko da aldizkaria”.
Egitaraua