Tankera desberdinagaz datoz aurtengo Bakearen Doinuak
Aurtengo emanaldian abesti alaiago eta rockeroagoak egongo dira, gonbidatu bereziekin. Freddie Mercury abeslari famatuari ere omenaldia egingo dioteSegundo Olaeta Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko, Bakearen Doinuak kontzertua aurten berezia iza...
Aurtengo emanaldian abesti alaiago eta rockeroagoak egongo dira, gonbidatu bereziekin. Freddie Mercury abeslari famatuari ere omenaldia egingo diote
Segundo Olaeta Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko, Bakearen Doinuak kontzertua aurten berezia izango dela aurreratu du Jon Carrillo eskolako zuzendariak. Jai Alaiko oholtza gainean batuko diren 400 musikari inguruk emanaldi berezia egingo dutela esan du, aurreko urteetakoa baino alaiagoa eta era askoko abestiekin.Aurten emanaldiari dramatismoa kenduko diotela azaldu du Artur Sustatxa bandaren zuzendariak. «Bonbardaketatik harago joango da, festibal kutsua ematen saiatu gara», azaldu du. Formatua mantenduko dute, baina errepertorio alaiagoa eta rockeroagoa izango duela aurreratu du.
Segundo Olaeta Musika Eskolako ordezkariak abesbatza, banda sinfonikoa eta hastapeneko-korala izango dira. Gonbidatuen artean, Andra Mari Korala, Bermeoko Abesbatza, Kantaize Orfeoia, Izaro Abesbatza, Elai-Alai dantza taldea, Ross dantza eskola eta Bizkaiko Gaiteroak egongo dira. Takatukada perkusio taldeak ere parte hartuko du aurtengo emanaldian.
Kontzertuaren lehen zatia klasikoagoa izango dela azaldu du Sustatxak. Opera famatuak abestuko dituzte, eta, besteak beste, Mikel Laboa eta Benito Lertxundi musikari ezagunek tokia izango dute.
Eskolaren 25. urteurrena ez ezik, Freddie Mercury abeslari ospetsuaren heriotzaren mende laurdena ere izango dute gogoan. Hala, «omenaldi berezi bat bat» egingo diotela azaldu du Sustatxak. Horretarako, eskualdean bizi den Kanadako 18 urteko abeslari gazte bat gonbidatu dute. Sustatxaren hitzetan, abeslari horrek aparteko ahotsa dauka, eta «zer esana emango du kontzertuaren ostean».
25 urteko ibilbidea
Urtero SOMEetik pasatzen diren 500 ikaslek zer egiten duten erakustea ere bada emanaldi horren helburua. «Hemen egiten dena herriari bueltan ematea da gure asmoa», azaldu du Carrillok. Hori dela eta, 25 urteotan eskolatik pasatu diren ikasle batzuk ere egongo dira emanaldian.
Iñigo Magunagoikoetxea kultura zinegotziak eskolaren lana txalotu du, eta herriarentzat duen garrantzia azpimarratu. Herritarrak emanaldira joatera gonbidatu ditu, eta sarrerak Auzokoa eta Etxarte tabernetan zein Turismo Bulegoan salgai daudela esan du. Txartelek 5 euroko prezioa daukate.