Mutrikuko Anaiarte Biltokiak etzi [ekainak 18] elkartearen 25. urteurren ospakizunak egingo ditu. Zuzendaritza batzordeko kideek nabarmendu dutenez, eguna iristeko gogotsu daude, eta zapatura begira
“egun polita eta berezia” antolatu dute. 340 lagun batuko dira Miruaitz frontoian egingo duten bazkarian, eta ekimenetan parte hartuko duten bazkideei Anaiarteko zapi urdina janzteko deialdia berezia egin diete.
Ospakizunak Andra Maria Jasokundearen elizan 11:00etan hasiko den mezarekin hasiko dituzte. Elizkizuna eta gero, txikiteoa egingo dute, eta eztarriak busti ondoren, 14:00etan, bazkaritan batuko dira bazkideak. Anaiarteko zuzendaritza taldekoek aurreratu dutenez gainera, Debabarreneko eta Gipuzkoako pentsiodunen elkarteetako presidenteak ere gonbidatu dituzte ospakizunetan parte hartzera.
Anaiarteko bazkakideak iazko bazkarian. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Bapo bazkaldu eta gero, eguneko momenturik hunkigarriena etorriko dela aitortu dute antolatzaileek. Izan ere,
omenaldien tartea egingo dute, Mutrikuko Gure Ametsa dantza taldekoen aurresku eta guzti. Omenduko dituztenen izenak isilean gordeta badituzte ere, omenaldi bat baino gehiago egingo dutela nabarmendu dute. “Bazkide bat baino gehiago omentzeko asmoa dugu, eta horrez gain, lehengo zuzendaritza taldeari ere zerbait berezia egin nahi diogu, 23 urtean elkartean egin duten lanagatik”.
Omenaldien tartea amaituta, dantzariek dantza batzuk eskainiko dituzte, eta Juan Mari Agirrezabala
Erdikua eta Lazaro Astigarraga
Laxao bertsolariek bertso bat edo beste abesteko aukera izango dute. Erdikuaren eta Laxaoren ateraldien ostean, Anaiarte abesbatza kantuan batuko da. Urteurren jaialdiari begira, errepertorio berezia antolatu dute, hainbat kantu herrikoirekin batera.
Ospakizunak iluntzera arte luzatuko dira; Bengoa animazioak taldeak girotuta,
soinu dantzagarriekin gerriak astintzeko aukera izango dute bazkideek.