Ederrena jaialdia egingo dute Mutrikun, Josetxo 'Kaskas'-en omenez
Bere ibilbidean hainbat eta hainbat jarduera kulturaletan murgilduta ibili zen Josetxo Flores, eta bihar eta etziko omenaldiak, hain zuzen ere, hainbat diziplina uztartuko dituEderrena jaialdia egingo dute bihar eta etzi, Josetxo Flores Lizaso Kaskas k...
Bere ibilbidean hainbat eta hainbat jarduera kulturaletan murgilduta ibili zen Josetxo Flores, eta bihar eta etziko omenaldiak, hain zuzen ere, hainbat diziplina uztartuko ditu
Ederrena jaialdia egingo dute bihar eta etzi, Josetxo Flores Lizaso Kaskas kulturzale amorratua omentzea helburu. Bere ibilbidean hainbat eta hainbat jarduera kulturaletan murgilduta ibili zen Flores, eta omenaldiak, hain zuzen ere, zinema, argazkigintza, antzerkia, pintura, musika, literatura, kazetaritza eta beste hainbat kultur diziplina uztartuko ditu.Herriko kultur taldeek eta norbanakoek parte hartuko dute Kaskasen omenaldian, eta ekimena xumea, baina herrikoia izango dela nabarmendu dute, berak gustukoa izango zuen erakoa. «Oso pertsona maitatua zen Mutrikun. Herriko kultur talde batzuk omenaldia prestatzen hasi ginen, baina berria bere inguruan zabaldu orduko, bere inguruko hainbat lagun eta ezagunek ere bat egin nahi izan dute omenaldi honekin».
Bihar iluntzean hasiko dira Kaskasen omenez egingo diren ekitaldiak. 18:00ak inguruan Kaskasen gauzak deritzon erakusketa zabalduko da Zabiel kultur etxeko erakusketa aretoan, eta bertan, ekainaren 23ra bitartean, Kaskas zenaren esentzia gogora ekarriko duten hainbat gauza ikusteko aukera egongo da.
Antolatzaileek aurreratu dutenez, herritarrek egindako ekarpenekin beteko dute erakusketa, eta bertan, Floresek ikutu zituen hainbat alorretako gauzak ikusi ahal izango dira, besteak beste: LP zahar batzuk, berak idatziko poesiaren bat edo beste, Egin egunkarian Mutrikuri buruz idatzitako kronikak, bere hainbat argazki, berak margotutako koadroren bat edo beste…
Zinemazale amorratua
Zinema oso gustukoa zuen, eta bera izan zen Zine Forum Taldeko bultzatzaile eta sortzaileetako bat. Hala, bere omenaldiko ekimekin batera, Cinema Paradiso filma proiektatuko dute. Antolatzaileek ez dute film hori halabeharrez aukeratu; Cinema Paradiso filma, izan ere, omenduaren gogokoenetako bat zen. «Film hori gauza askogatik aukeratu dugu. Bere filmarik gustukoena izateaz gain, berarekin lotura estua du filmaren tramak ere. Filmeko protagonista, esaterako, zinema bateko proiektatzailea da, eta Kaskas ere Mutrikuko Ederrena zinemako proiektatzailea izan zen».
Biharko ekitaldien ostean, etzi beste hainbat egingo dituzte. 12:30ean, lore eskaintza egingo dute Xiri gunean, eta arratsaldean, berriz, entzunaldi musikala egongo da, Gaztetxean. Flores musikazalea zen, eta 70eko hamarkadan, esate baterako, Mutriku eta inguruko herrietan jazz musika jartzen aritu zen, musika mota hori inguruetan ezagutzera emanaz. «Garai haietan egiten zen formatua berreskuratu nahi dugu. Ekitaldi polita izango dela uste dugu».
22:30ean, aldiz, eguneko ekitaldi nagusia egingo da, Zabiel Plazan: Funtziua. Herriko hainbat taldeko kideek musika, antzerkia, dantza, bertsoak… batuko dituen show antzerako bat egingo dute, ezusteko eta guzti. «Zerbait azkarra izango da, baina elementu askokoa». Jaialdia amaitzeko, Jam-session bat egingo dute, Gaztetxean. Inprobisazioa nagusituko da.