Ermitarik ermita ibilaldiak egingo dituzte domekan, Bermeon eta Morgan
Bermeoko XVII. Ermiten Martxa eta VII. Morgako Baseliza ibilaldia egingo dituzte. Bermeon 31 eta 41 kilometroko ibilbideak daude aukeran. Morgan 23,4 eta 13,5 kilometroko mendi martxak diraBermeoko Ermiten XVII. Martxa ez lehiakorra eta VII. Morgako Ba...
Bermeoko XVII. Ermiten Martxa eta VII. Morgako Baseliza ibilaldia egingo dituzte. Bermeon 31 eta 41 kilometroko ibilbideak daude aukeran. Morgan 23,4 eta 13,5 kilometroko mendi martxak dira
Bermeoko Ermiten XVII. Martxa ez lehiakorra eta VII. Morgako Baseliza Ibilaldia egiteko aukera izango dute bertako zein inguruko bizilagunek, domekan.Bietan bi ibilbide egongo dira aukeran. Bermeon 31 kilometro ditu Betikue ibilbideak, eta Bermeoko Muga izenekoak 41 kilometro. Azken hori Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien 15. zirkuituaren barruan dago.
Bi ibilbideetan parte hartzeko aurretik izena eman behar da, www.zirkuitua.com helbidean. Mendiko federatuek 3 euro ordaindu behar dituzte, eta federatuta ez daudenek 5 euro.
Betikue martxa egitera doazenak, 08:00etan Taraska plazatik irten, eta ondorengo ermitetatik pasatuko dira: Gaztelugatxe, San Migel, Mañu, Aingeru Guardie, Almike eta Damiku.
Bestalde, ibilaldi luzeagoko partaideek udalerriko mugetatik barrena burutuko dute martxa. Horiek 07:00etan aterako dira Taraska plazatik.
Aurten gutxieneko eta gehienezko denbora egongo da kontrol horietan: San Migel ermitan (10:30-14:15), Demiku ermitan (11:30-16:30) eta Taraskan (12:00-17:00).
Era berean, ibilbide luzeenean 28. kilometroan (11:30-14:00) eta helmugan (13:30-17:00) egongo da.
«Sasoi honetan egiten diren ibilaldien ondoan ezberdina da gurea. Izan ere, Kantauri itsasoa ez da momentu batean ere begi bistatik galtzen, eta zer esanik ez Gaztelugatxeri buruz», nabarmendu dute Sollube 707 Bermeoko Mendizale Taldeko kideek.
Halaber, ibilbidean zehar anoa postu likido zein solidoak eta osasun zerbitzuak egongo direla jakitera eman dute.
Gainera, martxak amaitzean partaideek dutxatzeko aukera izango dute.
Ondare kultural aberatsa
Beste alde batetik, Morgako Baselizen Ibilaldian 23,4 kilometrokoa da ibilbide luzea, eta laburrak, ostera, 13,5 kilometro dauzka.
Parte hartzaile kopurua 400 pertsonetara mugatu dute, eta gaur amaituko da izena emateko epea. Izena emateko orria Morgako Udalaren webgunean (www.morga.eus) dago eskuragai. Inprikamia bete ostean, hurrengo helbidera bidali beharko da: baselizaibilaldia@morgakoudala.com.
Helduek 8 euro ordaindu behar dituzte, eta 12 urtetik beherakoek, 4 euro.
Parte hartzaile muga bete ezean, domekan bertan izena emateko aukera egongo dela jakitera eman dute antolatzaileek. Kasu horretan, helduek 10 euro ordainduko dituzte, eta 12 urtetik beherakoek 5.
Ibilbide luzeena egitera doazen herritarrak 08:30ean irtengo dira Andra Mari auzotik.
Gutxi gorabehera lau orduko ibilbidea egingo dute, besteak beste, auzo eta ermita hauetatik: Santa Kurtze baseliza, Bizkargikoa, Gerekizen kokatutako San Esteban ermita, Meakaur auzoko Kurtziperio tenplua, Meakako San Bixenti baseliza edota Altamira auzoko San Migel ermita.
Bestalde, ibilaldi laburreko partaideak 10:00etan abiatuko dira Andra Mari auzotik.
Horiek hiru bat orduko txangoa egingo dute hurrengo auzoetatik: Talleri, Eskerika, Gerekiz, Erroteta, Meakaur, Meaka, Oñarte eta Andra Mari.
Meakur auzoan hornitze gune bat jarriko dute, eta ibilaldien amaieran, ondo merezitako hamaiketakoaz gozatuko dute.
«Ibilaldi hauen bitartez herriaren ondare eta paisaia aberastasuna ezagutzera ematen jarraitu nahi dugu, ohitura osasuntsuak eta parte hartzaileen arteko giza harremanak sustatuz», zehaztu du Maria Teresa Artetxe Morgako alkateak.