Mantentze lanak egin eta gero, Europa Parkea ireki egin dute berriz
Urmaela garbitu, bideak konpondu eta lorezaintza lanak egin dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak 136.700 euro inbertitu ditu mantentze lan horien lehenengo faseanMaiatzaren hasieran itxi zituen ateak Gernika-Lumoko gune berdeak, beharrezkoak ziren mantentz...
Urmaela garbitu, bideak konpondu eta lorezaintza lanak egin dituzte. Bizkaiko Foru Aldundiak 136.700 euro inbertitu ditu mantentze lan horien lehenengo fasean
Maiatzaren hasieran itxi zituen ateak Gernika-Lumoko gune berdeak, beharrezkoak ziren mantentze lanak burutzeko. Konponketa lan horiek lau fasetan egingo dituztela azaldu dute parkea kudeatzen duten Bizkaiko Foru Aldundiko arduradunek. Lehen fase honetan, guztira 136.700 euro inbertitu ditu aldundiak.Oraingo honetan, lanak urmael artifizialaren inguruan izan dira, batez ere. Putzua hustu egin dute, hondoan zeuden lokatzak kentzeko eta ertzak garbitzeko. Horren ondoko komunak ere egokitu dituzte, saneamendu lanak burutuz eta sarrerak berrituz. Erreka eta urmaelaren ondoan dauden zubirik handiena kendu egin dute «segurtasun neurriengatik», eta beste biak berritu egin dituzte, bideak konpontzeagaz batera. Lorezaintza lanak egiteaz gain, burdinazko hesia, ateak, zakarrontziak eta farolak ere margotu eta konpondu dituzte. Eta eurietako ura eroateko hodiak ere garbitu dituzte, bertan pilatzen diren hosto, lokatz eta hondakinek ura ateratzeko bideak ez oztopatzeko.
Europako Herrien Parkea eta Euskal Herria museoa kokatzen den Alegria jauregia Bizkaiko Foru Aldundiak kudeatzen ditu, Bizkaikoa erakundearen bitartez.