Pablo Berasaluze pilotariari agur jaialdia egingo diote, Uni frontoian
Andoni Aretxabaletagaz jokatuko du bere agurreko partida berriztarrak. Lau t'erdiko San Fermin Torneoaren finalaurrekoa jokatuko dute ondorenPablo Berasaluze pilotariaren agur jaialdia eta lau t'erdiko San Fermin Torneoaren finalaurrekoa jokatuko dira,...
Andoni Aretxabaletagaz jokatuko du bere agurreko partida berriztarrak. Lau t’erdiko San Fermin Torneoaren finalaurrekoa jokatuko dute ondoren
Pablo Berasaluze pilotariaren agur jaialdia eta lau t’erdiko San Fermin Torneoaren finalaurrekoa jokatuko dira, uztailaren 2an, Markina-Xemeingo Uni pilotalekuan. Atzo goizean aurkeztu zuten ekitaldia Markina-Xemeingo udaletxean, eta kontratua sinatu zuten Asegarceko eta Markina-Xemeingo Udaleko ordezkariek. Aurkezpenean parte hartu zuten bai eta ere, jaialdiko protagonista izango den Pablo Berasaluzek eta Mikel Urrutikoetxea pilotariek. Patxi Ibarloza herriko esku pilota taldeko elkarteko kidea ere bertan egon zen.Markina-Xemeingo Udalak herriko esku pilota taldearen laguntzagaz antolatutako jaialdiak bi helburu dituela azaldu zuen aurkezpenean Joseba Iraolagoitia kirol zinegotziak. «Urtarrilean beti txapelketako partidaren bat egoten da, eta partida hau horren jarraipen bat izatea nahi dugu, pilotari indarra ematen jarraitu eta eskolako umeentzako irudi izateko».
Jaialdi handia
Bi pilotari handi euren artean egotea ohore bat zela ere azpimarratu zuen Iraolagoitiak, Berasaluze eta Urrutiren parte hartzea eskertuz.
Uztailaren 2ko jaialdian partida bikainak egongo direla nabarmendu zuen, bestalde, Rafa Etxeberria Asegarceko kudeatzaileak. Alde batetik, Berasaluze II.ari egingo dioten jaialdi omenaldian, Berrizko pilotariagaz batera aterako dira Uni frontoiko kantxara, Andoni Aretxabaleta pilotari markina-xemeindarra, bere bikote izango dena, eta Elezkano II.a edo Urrutikoetxea eta Beroiz.
Urrutikoetxeak lehen partida hori edo bigarrena jokatuko du. Izan ere, Sanferminetako Torneoaren finalaurrekoa jokatuko da ondoren, eta Sestaon, ekainaren 24an jokatuko den Bengoetxea VI.aren eta Urrutikoetxearen arteko irabazlea izango da Markina-Xemeinen Olaizola II.aren kontra ariko dena.
Urrutikoetxeak ez daki lehenengo edo bigarren partida jokatuko duen. Hala ere, oso gustura etorriko dela adierazi du Zaratamoko pilotariak. «Bigarren partida jokatzea gustatuko litzaidake. Bizkaitarra izanik, niretzako berezia izango litzateke Aimarren kontrako finalaurreko hori Markina-Xemeinen jokatzea».
Markina-Xemeingo Udala eta herriko pilotazaleak beragaz oroitzea eskertu du Pablo Berasaluzek. Andoni Aretxabaleta herriko pilotariak profesional mailarako jauzia eman zuenean ere bertan egon zen berriztarra; oraingoan, baina, Markina-Xemein eta inguruetako zaleak agurtzea egokituko zaio. «Markina-Xemeingo zaleak nigaz oroitzea oso polita da. Egia esan, oso gustura nator, eta ea partida on bat ateratzen den, eta publikoa gozaraztea lortzen dugun».
Sarrerak, aldez aurretik
17:45ean hasiko da uztailaren 2ko esku pilota jaialdia, eta bertan egon nahi dutenek aldez aurretik lortu ahalko dituzte sarrerak. Horretarako, pilotalekuko leihatilak zabalduko dituzte antolatzaileek, datozen bariku bietan, ekainak 17 eta ekainak 24, 18:00etatik 20:00etara.
Sarrerek 15 euro, 20 euro eta 25 euro balioko dituzte.