Garai bateko arbasoek egin modura, Aulestiko San Joan jaietan udako egunik luzeena ospatzeko sua piztu, eta haren berotasunaren ondoan dantzan emango diote ongietorria udako solstizioari.
Ohitura berria orain hiru bat urte sortu zen Jai Batzordeko kideen ekimenez. «San Joan suak girotzeko zer egin pentsatzen egon ostean, dantzak prestatzea bururatu zitzaigun. Beste herri batzuetan Sorgin dantzak egiten zirela jabeturik, guk ere antzeko zerbait egitea erabaki genuen. Lagun batek dantza zelan egiten zen ezagutzen zuen, eta haren bitartez dena antolatzen hasi ginen».
Sorgin dantza antolatu zuten lehenengo aldian
hamabost bat lagun batu ziren, gehienak ere emakumeak, eta urtetik urtera, dantzan egitera animatzen direnak gehiago omen dira. Hori bai, gehienak emakumeak direnez, herriko gizonezkoei dantzan parte hartzeko deialdia berezia egin nahi diete antolatzaileek. «Dantza, berez, emakumezkoek eta gizonezkoek egiten dute, eta gizonezkoen faltan, dantzan batzen garen emakumeotako batzuk gizonezkoz mozorrotuta irtetzera behartuta gaude».
Argazkian iazko sobra txapelketan saria lortu zuten herritarrak.
Aurreko astean egin zuten ikuskizuna prestatzeko lehen saioa, eta hurrengoa entsegua bihar egingo dute, 17:30ean, frontoian.
Aurreko urteko sobrak. San Joan bezperan, jaiei hasiera ofiziala emango dien txupinaren ostean aterako dira kalera dantzariak, zuriz jantzita eta aurreko urtetik gordeta edukitako sobrekin eskuetan. Eurekin batera, batukada eta buruhandiak joaten dira plazatik parkerako bidea alaitzen.
Parkera heltzean, futbol zelaiaren erdian sua piztu, eta erritualaren parte, haren inguruan buelta batzuk ematen dituzte, eta amaitzeko, Sorgin dantza egiten dute. Dantzak amaitu ondoren, herriko ohitura zaharrari jarraituz,
sobrak sutara jaurtitzen dituzte. Dantzariek botatzen dituzte sobrak lehendabizi, eta euren atzetik, herritarrek.
Mexikotik zuzenean etorritako Mariachiak egongo dira jaien egun nagusian: Mariachi imperial elegancia mexicana taldea
Mexikar doinuekin. Eguenetik domekara bitartean, jo eta su ibiliko dira aulestiarrak jaietan. Egitarau oparoa osatu dute Jai Batzordeko kideek, eta urteroko ekintzen artean, berritasunak ere badirela nabarmendu dute. Aurten, esaterako, Mexikotik zuzenean etorritako Mariachiak egongo dira jaien egun nagusian. Mariachi imperial elegancia mexicana taldeak, hain zuzen ere, Latinoamerikako doinuak ekarriko ditu San Joan gauean plazara. «Mariachirik aspaldi ez da egon jaietan, eta herritarrek egindako eskariei erantzunda datoz».
San Joan bezperako sorgin dantza, Aulestin.
Bestalde, aurten ere herri kirolen saioa egingo da San Joan Egunean. Hainbat urtez jaietan herri kirolen erakustaldirik egin barik egon ostean, iaz berreskuratu zuten ohitura zaharra, eta eduki zuen arrakasta ikusirik, aurten ere esperientzia errepikatzea erabaki dute. Hala, ohiko sobra eta ipuin topaketaren sari banaketen ostean, Inazio Perurena eta Estitxu Almandoz harrijasotzen ariko dira.
Paella txapelketa egin eta gero, iaz 300 lagun inguru bildu ziren paella jaten
Paella goxoaren bueltan. Datozen jai egunei dagokienez, aulestiarrek gorriz markatuta izaten duten horietako bat izaten da jaietako zapatua. Egun hori oso gogoko dute herritarrek, eta herrian zein kanpoan bizi direnak arkupean egiten duten herri bazkarian batu ohi dira. Iaz, esaterako, 300 bat lagun batu ziren giro ederrean.
Bazkaritan
Paella txapelketan egindako arroz goxoak bazkaltzen dituzte, eta eguerdia orduko, kuadrillak paellak egiten ikus daitezke nonahi; garajeetan, txokoetan, elkarteetan, kalean… Horiek prest eduki ostean, txapelketara aurkezten dituzte kuadrillek.
Txapelketan puntuazio ona edukitzeko hainbat gauza hartzen dira kontuan, baina horien artean garrantzitsuena paella garaiz aurkeztea izaten da. Iaztik hona, hain zuzen ere, 14:30eko kanpaiek jo aurretik aurkeztu behar izaten dira paellak, bestelakoan, zigortu egingo dituzte.