Ikasturte amaierako jaiak 1.500 ikasle batuko ditu
Ikasturteari agur esateko unea iritsi zaie herriko ikastetxeetako ikasleei. Hala ere, oporrak behar den moduan hasteko, Bermeoko Udaleko Kultura Sailak, urtero egin modura, ikasturte amaierako jaia antolatu du beraientzat. Udalak jakinarazi dutenez, 1....
Hainbat dira kultura sailak herriko ikasleentzat antolatu dituen ekimenak: pailazoak, dantzaldia, umeentzako parkea, kale ikuskizunak eta disko festa, besteak beste. Adinaren arabera, ekintza batean edo bestean parte hartuko dute ikasleek.
Haur Hezkuntzako umeak Sagrado Corazon ikastetxean batuko dira. Tomax pailazoak Festara ikuskizuna eskainiko du, 10:30ean.
LH 1 eta 2. mailako ikasleak, berriz, Bermeoko Kafe Antzokian elkartuko dira. Bertan, Kantu-kolore dantzaldiagaz gozatu ahalko dute, 10:30etik aurrera. LH 3 eta 4. mailatako neska-mutilak, bestalde, 10:00etatik aurrera batuko dira Lameran, umeentzako parkea egongo baita: pista amerikarra, ohe elastikoak, txirristak eta rokodromoa egongo dira, beste hainbaten artean.
Azkenik, San Frantzisko herri ikastetxea, LH 5 eta 6. mailako ikasleen bilgune izango da. Malas Compañias-ek Txatarra kale ikuskizuna eskainiko dute bertan, 10:45ean.
Berriro, Goiko Plazan
Eguerdian, aurten, berriro Goiko Plazan batuko dira adin guztietako ikasleak. Iaz, udaletxeko lanak zirela eta, Lameran batu baitziren. 12:00etatik aurrera, hortaz, Jaikide & DJ Andoni disko festako abesti eta dantzekin ondo pasatuko dute bertaratutakoek.
Jaiak, baina, arratsaldean jarraituko duela azaldu dute udaleko ordezkariek; 16:00etatik 19:00etara, umeentzako parkeak jarraituko baitu Lameran.
Urtero egin modura, kultura sailak mahonez jantzita parte hartzeko deia egiten die ume eta gazteei, bai eta jaian parte hartuko duten gurasoei ere.
Ikasturte amaierako jaiaren helburua «ikastetxe guztietako umeak ekintza batean elkartzea» dela adierazi dute kultura sailekoek.