MDK Swim Bermeo-Mundaka zeharkaldia lehiatuko dute, etzi
Hirugarren urtez jarraian, MDK Swim Bermeo eta Mundaka artean 2.500 metroko itsas zeharkaldia lehiatuko dute, etzi.12:00etan Bermeoko portuan hasi, eta Mundakako portuan edukiko dute helmuga. Partaideak antolatzaileek jarritako autobusean joango dira M...
12:00etan Bermeoko portuan hasi, eta Mundakako portuan edukiko dute helmuga. Partaideak antolatzaileek jarritako autobusean joango dira Mundakatik Bermeora, probari ekiteko.
Ordubete inguruan egiteko zeharkaldia denez, lehenengoak 13:20ak aldera Mundakara ailegatuko direla aurreikusten dute antolatzaileek.
350 parte hartzaile ariko dira lehian; izena emateko epea aspaldi itxi zuten, gehienezko partaide kopurua azkar bete zelako (ez dago ordezko zerrendarik).
Euskal Herriko igerilari asko elkartuko dira Mundakan, eta Espainiar estatuko zein Europako zenbait herrialdetako herritarrek ere parte hartuko dute.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, besteak beste, Madriletik, Bartzelonatik, Kantauritik, Aragoitik, Frantziatik edota Suediatik etorritako igerilariek lehiatuko dute itsas zeharkaldia.
«Haigor Aranguren eta Peru Alfaro gipuzkoarrak eta Adnan Mustafik bizkaitarra dira gizonezkoetan faboritoak. Emakumezkoetan, berriz, Irati Mendia gipuzkoarra eta Caroline Eriksson suediarra dira faborito nagusiak», zehaztu dute.
Iaz moduan, aurten ere lau kategoria daude: gizonezkoak neoprenoagaz, emakumezkoak neoprenoagaz, gizonezkoak neoprenorik barik eta emakumezkoak neoprenorik barik.
Kategoria horietako lehenengo hirurak sarituko dituzte, eta halaber, lehenengo mundakarrak edo bermeotarrak ere saria jasoko du.
Partaideek amaitzean dutxatzeko aukera izango dute, Mundakako Arraun Taldearen lokalean edota Mundaka Hostelen.
Bestalde, partaideek bihar arratsaldean haien dortsalak eskuratu ditzakete, 19:00etatik 21:00etara, Mundaka Hostel & Sports Cafen eta Mundakako kiroldegian. Etzi Mundakako udaletxeko plazan ere hartu ahalko dira, 09:00etatik 10:30era.