Ondarroako Udal ordezkariak Kamiñaldeko lanen inguruko finantzaketa planaz berba egiteko bildu dira gaur [ekainak 17] Bizkaiko Foru Aldundiko eta ordezkariekin. Udalak lanak ordaindu ahal izateko udala zenbateraino zorpetu ahal den jakitera eman die aldundikoei. Horren aurrean, aldundiko ordezkariak finantzaketa plana aztertu egingo dutela jakitera eman die.
Plana aztertzeaz gain, Ondarroako teknikariekin elkarlanean
proposamen zehatzago bat egiteko konpromisoa ere hartu dute aldundikoek. Bileran ondokoak egon dira: Unai Rementeria ahaldu nagusia, Ibone Bengoetxea Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatua, Jesus Larrea aldundiko idazkaria, Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkatea, Loren Arkotxa (alkatearen laguntzailea), Ondarroako Udaleko kontu hartzailea eta idazkari nagusia.
Zunbeltz Bedialauneta: “Orain arte fakturak ordaindu dituen erakunde bakarra Ondarroako Udala izan da”
Bedialaunetak esan die udalak bere esku daukan informazio guztia helaraziko diela. Eta proposamen zehatzago bat egin ahal izateko, elkarlanean jarduteko prest daudela agertu die. “Udalean daukagun zorpetzeko ahalmena zein den aurkeztu diegu aldundiko ordezkariei, orain beraiek zenbakiak aztertu behar dituzte, baina orain arte
fakturak ordaindu dituen erakunde bakarra Ondarroako Udala izan da“.
Eusko Jaurlaritzagaz joan den astean edukitako bileraren inguruan ere berba egin du Bedialaunetak. “Prentsa bidez jakin dugu Jaurlaritzak Ondarroako Udalaren finantzaketa plana ikusi nahi duela, beraz, gaur bertan [ekainak 17] bidali diogu Ana Oregi
Lurralde Ingurumen eta Politika Sailburuari aipatu plana”.
Jaurlaritzarekin ere harremanetan egon nahi du Ondarroako Udalak , eta hori bermatzeko aurrerantzean ere biltzeko ahaleginak egingo dituztela aurreratu du Bedialaunetak.