Sorgin eta pertsonaia mitologikoen etorreragaz hasiko dituzte San Joan jaiak Ziortza-Bolibarren. Mari eta Maju Oiztik etorriko dira, Lamiak Urazanditik Jentilekin, Galtzagorriak Zubikotik Ttartalogaz batera, sorginak elizpetik azalduko dira akerbeltzagaz eta Basajaun eta Basanderea Jauregibezitxik.
Sorgin Gaba berezia izango da aurten ere, eta herritar askok parte hartuko dute San Joan bezperako antzezpenean. Janik ere ez da faltako. Urdaia, txistorra, gazta eta irasagarra dastatzeko aukera egongo da, eta Roberto Etxeberria eta Idoia Markaida trikitilariek jarriko diote doinua urteko gau motzenari.
Beheko zubiko landara joango dira herritarrak trikitilariek lagunduta sua piztera, eta ondoren, sorgin dantza egin eta sorginen edabea edateko aukera egongo da, plazan.
Herritarren parte hartzea sustatu nahi dute, eta horretarako, herritar guztiei begira egindako egitaraua prestatu dute
Pala txapelketa. Herritarren artean dagoeneko ezinbesteko hitzordu bihurtu den Sorgin Gauagaz gain, hainbat ekimen prestatu ditu sanjoanetarako herriko jai batzordeak. Herritarren parte hartzea da, gainera, sustatu nahi dutena, eta horretarako herritar guztiei begira egindako lau egunetako egitarau oparoa daukate prest, beti betiko ekitaldi zein berriekin osatua. Ume, gazte eta nagusi, denek edukiko dute, beraz, ondo pasatzeko aukera.
Azken egunean esate baterako, zurezko jokoak eta puzgarriak edukiko dituzte umeek, eta nagusiek horren gustuko dituzten meza ondorengo ardo zuria eta gailetak ez dira faltako. San Joan Txiki Egunean, bestalde, gazteek hartuko dute protagonismoa. Herri olinpiadak prestatu dituzte herri bazkariaren osterako, eta lehian ariko dira jokoetan zein baino zein gehiago den erakusteko. Irabazleek diplomak eramango dituzte, izandako trebeziaren erakusgarri.
Ziortza-Bolibarko herritarrak, 2015eko San Joan Jaietan.
Herritarren arteko
pala txapelketa ere jokatuko da aurtengo sanjoanetan, eta Ziortza-Bolibarko jai batzordeko kideek azaldu dutenez,
gazte zein nagusi, adin ezberdineko palistek hartuko dute parte San Joan Egunez jokatuko den norgehiagokan.
Mendexako Etorbarri
herri kirol taldea ere gonbidatu dute aurten jaietara, erakustaldia emateko. Trontzan, junguran, lasto altxatzen eta txokor batzen egingo du neska-mutilez osatutako taldeak.
Umorea eta mugikorrak. 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programaren lehen saria irabazi zuen Nomofobikak taldearen Sarean Kateatuak antzezlana ikusteko aukera ere izango dute jaietan bolibartarrek. Olatz Beobide, Belen Cruz eta Amaia Lizarralde Nomofokikak antzerki taldeko kideak mugikorrekin eta sare sozialekin dagoen menpekotasunaz arituko dira antzezlan horren bitartez. Mugikorrik barik bizitzen ez dakien gizartea irudikatuko dute hiruren artean.
Hiru emakumek ikusleekin batera terapia bati egingo diote. Hasteko ekarrekin test bat egiten dute menpekotasuna zenbatekoa den neurtzeko. Ondoren, gizartean hain hedatuta dagoen gaitz hori kasu ezberdin ugaritan ikusteko aukera egongo da: Hainbat ofiziotako beharginek, umeek, nerabeek, adineko emakumeek… Batzuetan esketx tankeran eta bestetan bakarrizketa modura, euren bizipenak aurkeztuko dituzte, betiere umorea lagun, burua astintzeko asmoagaz.