400 lagunek jarri diote doinua SOMEren urtebetetzeari
Zapatuan Bakearen doinuak ikuskizuna egin zuten, Jai Alai frontoian. SOMEkoak Aste Kulturalaren hirugarren aldia ari dira ospatzen aste honetanBakearen doinuak ikuskizuna egin zuten zapatuan, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. 400 musikari eta dantz...
Zapatuan Bakearen doinuak ikuskizuna egin zuten, Jai Alai frontoian. SOMEkoak Aste Kulturalaren hirugarren aldia ari dira ospatzen aste honetan
Bakearen doinuak ikuskizuna egin zuten zapatuan, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan. 400 musikari eta dantzari bildu ziren bertan, Segundo Olaeta Musika Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko ikuskizunean. 150 ikaslerekin hasi zuen ibilbidea musika eskolak, eta mende laurden geroago, 500 ikasle biltzen ditu. Zapatuan, horietako ikasle asko Jai-Alai frontoian izan ziren, baina herriko kultur eta dantza taldeek zein Gernika-Lumoko, Bermeoko eta Ondarroako abesbatzek ere parte hartu zuten ekitaldian.Artur Sustatxaren gidaritzapean, opera doinuekin hasiera emanez hunkitu zituzten frontoian bildutako ikusleak. Euskal doinu herrikoiak abestu zituzten ostean: Mikel Laboaren Baga, biga, higa eta Benito Lertxundiren Oi ama Eskual Herri.
Freddie Mercuryren abestiek ere lekua izan zuten zapatuko ikuskizunean, eta 25 urte bete dituen Show must go on abestia ere kantatu zuten, Ross dantza eskolaren koreografiak lagunduta.
Elai-Alai dantzari taldeko txiki eta nagusiek ere izan zuten tartea Bakearen doinuetan: Txulalai egin zuten txikiek, eta, erraldoi eta buruhandiekin batera, Bals-a dantzatu zuten nagusiek. Musika eskolako orkestra eta Busturialdeko gaiteroak izan zituzten lagun bi dantza horietan.
Musika Eskolako umeen koruak ipini zion ikuskizunari amaierako puntua: TukaTukada batukadaren laguntzagaz, Freddie Mercuriren We will Rock You kantatu zuten. For the beauty and the earth, We are the champions eta Gloria Gaynorren I will survive ere abestu zuen SOMEko koruak. Agurtu aurretik, Zorionak Zuri abestu zioten musika eskolari, denek batera.
Aste kulturala
Ikuskizunera bertaratu ezin izan zirenek, egun hauetan ospatuko den III. Aste Kulturalean ikusi ahal izango dituzte SOMEko musikagileak.
Emanaldiak atzo hasi ziren, eta barikura arte luzatuko dira, instrumentu ezberdinen ikustaldiekin. Horiek arratsaldez izango dira, Lizeo antzokian, Elai-Alai aretoan, Euskal Herria museoan eta San Juan Ibarra plazan.
Gaur, Oskarbi Abesbatza, Akordeoi Taldea, Banda Txiki, Banda Gazte, Orkestra, Gitarra elektrikoaren emanaldia egingo dute Lizeo Antzokian, 19:00etatik aurrera. Bihar eta etzi berriz,taldeko eta bakarakako emanaldiak egingo dituzte ikasleek Elai-Alai aretoan. Eguenean, biolontxelo kontzertua izango dute Euskal Herria museoan, eta barikuan, San Juan Ibarra plazan, eskolako konboak ZoriROCKonak emanaldia egingo du, rock eta pop doinuekin.