Lurralde antolaketa berrirako tailerra egingo dute
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak martxan jarri du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko eta eguneratzeko prozesua. Horren harira, tailerrak ari dira antolatzen eskualdez eskualde, herritarren, teknikarien e...
«1997az geroztik, Lurralde Antolamendu Gidalerroen bitartez, Euskadik ordena orekatua sustatu du, hiri-eremuaren eta landa-eremuaren, jarduera ekonomikoen, azpiegituren edota natur-guneen artean. Orain Eusko Jaurlaritzak LAGa berrikusteko prozesua jarri du abian, egungo beharretara egokitzeko xedez», azaldu du Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek.
Paisaje Transversal eta Inguru enpresak elkarlanean dabiltza prozesu parte hartzaile horren koordinazio tekniko eta garapena egiteko. Eta bihar, enpresa bietako hizlariak eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariak egongo dira Astran.
«Gure egunerokotasunean eragina duten hainbat faktore baldintzatzen ditu LAGek: ingurumena eta paisaia, zenbat etxebizitza egiten diren eta non, bai eta jarduera ekonomikoen alor asko ere», adierazi du Paisaje Transversal enpresako Jon Agirre arkitektuak.
Erkidegoetako lurralde antolamendua definitzen duten gidalerroak direla laburbildu du Agirrek, eta horiek eguneratzeko herritarren iritzia kontuan hartzen ari direla dio.
Tailerretan paisaia, ingurune fisikoa eta azpiegitura berdea, landa-eremua, hiri eremua, mugikortasun jasangarria, ura eta energia bezalako gaien inguruko proposamenez eztabaidatuko da, helburua Euskadi mailako lurralde antolamendua hurrengo hogei urteetarako definitzea delarik. Hala ere, LAG berrikusteko prozesuak hiru urte inguru iraungo duela esan diote arduradunek.
Tailerretan eskualde administratiboetatik haratago, eremu funtzionalak ari dira kontuan hartzen, eta dagoeneko hamalau tailer egin dituzte eremu horietan. Biharkoak Busturialdeko eta Lea-Artibaiko eskualdeetako eremua hartuko du.
Tailerrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Irekia web orrialdean ere egin daitezke ekarpenak. Bertan, LAGak berrikusteko oinarrizko dokumentuak daude eskuragarri, eta eztabaidetan parte hartzeko aukera dago web orrialdean eta sare sozialetan.