Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak berrikusteko tailerra egingo dute
Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak, martxan jarri du Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak (LAG) berrikusteko eta eguneratzeko prozesua. Honen harira, tailerrak ari dira antolatzen eskualde ezberdinetan, herritarren, teknikarien eta tokiko eragileen proposamenak batzeko. Bihar, Astran egingo dute tailerra, Gernika-Markina eremuko ekarpenak jasotzeko, 18:00etatik aurrera.
“1997az geroztik, Lurralde Antolamendu Gidalerroen bitartez, Euskadik ordena orekatua sustatu du, hiri-eremuaren eta landa-eremuaren, jarduera ekonomikoen, azpiegituren edota natur-guneen artean. Orain Eusko Jaurlaritzak LAGa berrikusteko prozesua jarri du habian, egungo beharretara egokitzeko xedez”, azaldu du Lurralde Politikako sailburuorde Izaskun Iriartek.
“Gure egunerokotasunean eragina duten hainbat faktore baldintzatzen ditu LAGek: ingurumena eta paisaia, zenbat etxebizitza egiten diren eta non, eta baita jarduera ekonomikoak ere bai”, adierazi du, bihar Astran izango den Jon Agirre arkitektoak. Erkidegoetako lurralde antolamendua definitzen duten gidalerroak direla laburbiltzen du Agirrek, eta hauek eguneratzeko herritarren iritzia kontutan hartzen ari direla dio.
Tailer hauetan, paisaia, ingurune fisikoa eta azpiegitura berdea, landa-eremua, hiri eremua, mugikortasun jasangarria, ura eta energia bezalako gaien inguruko proposamenez eztabaidatuko da. Helburua, Euskadi mailako lurralde antolamendua hurrengo hogei urteetarako definitzea delarik. Hala ere LAG berrikusteko prozesu honek hiru urte inguru iraungo duela ñabartu du Agirrek.
Euskadiko eskualde administratiboetatik haratago, eremu funtzionalak ari dira kontutan hartzen, eta dagoeneko hamalau tailer egin dituzte eremu hauetan. Bihar egingo denak Busturialdea eta Lea-Artibaiko eskualdeetako eremua hartuko du bere gain.
Tailerrez gain, Eusko Jaurlaritzaren Irekia web orrialdean ere egin daitezke ekarpenak. Bertan, LAGak berrikusteko oinarrizko dokumentuak daude eskuragarri, eta eztabaidetan parte hartzeko aukera ere badago