Udarako kirol eskaintza zabala prestatu du Mendexako Udalak
Uztaila eta abuztuan askotariko kirolak praktikatzeko aukera dute mendexarrek, goizez zein arratsaldez. Pilatesa, sup-pilatesa eta ciclo indor ikastaroak prestatu ditu Mendexako Udalak, Ekinaisi kirol eta aisialdirako ekintzak eskaintzen dituen enpresaren laguntzagaz.
Egutegia. Hain zuzen ere, Ekinaisiko kideek emango dituzte ikastaroak, astelehenetik eguenera (barikuetan ez dago ikastarorik). Uztailean zein abuztuan, goizetan pilatesa landuko dute Lekeitioko ikastolan.
Ordutegia. Astelehenentan eta eguaztenetan bi ordutegi izango dituzte. Lehen saioa 09:00etatik 10:00etara izango da, eta bigarrena, 10:00etatik 11:00etara. Astearteetan eta eguenetan, berriz, 09:00etan hasi eta 10:00ak arte ariko dira.
Pilates saioa. Bestalde, astelehenetan eta eguaztenetan arratsaldez ere pilates saio bat emango dute Mendexan, 17:00etatik 18:00etara. Sup-pilatesa Eako hondartzan landuko dute martitzenetan eta eguenetan, 19:30etatik 21:00etara.
Ciclo indor ikastaroa, ostera, Mendexan bertan emango dute, martitzenetan eta eguenetan. 17:00etan hasi eta 18:00etan amaituko dute.
Ikastaroan parte hartu nahi dutenek edota horien inguruko informazio gehiago nahi dutenek telefono zenbaki honetara deitu dezakete: 670 273 557. Halaber, posta elektronikoa bidali dezakete helbide honetara: ekinaisikae@hotmail.com.