Ondarroako
Radixu Irratia irrati libreak Zapato Azule antolatzeko erronkari hamaikagarrenez ekingo dio aurten. Antolatzaileek gogorarazi dutenez,
jaiaren funtsa ekonomikoa da, irrati libreak bere egunerokoaz jarraitu ahal izateko. “Ez da ahaztu behar, jaia, azkenean, Radixu finantzatzeko dela. Lortutako finantzazioari esker hainbat berritasun egin ahal izan ditugu, baina horrek guztiak egin ahal izateko dirua behar dugu”.
Aurtengoa gainera, ez da nolanahiko ospakizuna izango. Azkar esaten baldin bada ere, 25. urte bete ditu herriko irrati libreak, eta egitarau barruan ezer berezirik prestatu ez badute ere,
kutsu berezia izango du herriko jairik bitxienak. “Egitarauan ez dugu urteurrenagaz duen ezer berezirik prestatu, izan ere, urte osora zabaldu ditugu urteurreneko ekintzak. Hala ere, kamiseta azokan jarriko dugun erakusmahaian urteurrenagaz zerikusia duen materiala salgai egongo da. Besteak beste, urteurrenera begira atera ditugun kamiseta berriak, autorako itsasgarriak, su pizgailuak, katiluak…”.
Radixu Irratiko kideak 19. Zapato Azule iragartzen
Radixukoak zapatura [ekainak 25] begira gogotsu daude, eta jaiari berari dagokionez, egun osoan gozatzeko aukera emango duen
egitaraua prestatu dute. Jaia ofizialki Manuel Eluren ahozko bolanderekin hasiko bada ere, aurretik hasiko dira Zapato Azule girotzen.
Tolosatik 01:00etan irtengo dute Dinamartxa oinez egingo dutenek, eta bizikletaz doazenez, ostera, 09:00etan irtengo dute Ondarroara bidean. Oinezkoen autobuserako zeuden plazak, Dinamartxan izena emateko lehen egunean agortu ziren, ordu erdi inguruan, eta antolatzaileek iragarri dutenez, itxaron zerrendan dauden hainbat lagun ere badaude. “73 bat lagunek eman dute izena, baina 56 lagun kabitzen dira autobusean. Beste autobus bat antolatzeko beste jende ez dago itxaron zerrendan, eta horiek Tolosara zelan eraman aztertzen ari gara Aurrera Mendi Taldeko arduradunekin batera”. Bizikletan, berriz, 200 lagunetik gora batuko dira.
Era berean,
igerilariek itsas zeharkadia egingo dute. Aurten luzeagoa izango da igerian egingo duten distantzia. 10:00etan irtenda, Mutrikuko hondartzatik Ondarroako Arrigorri hondartzara egingo dute igerian, bi itsas milia eta erdi inguru. Igerilariak Arrigorrira 11:30-12:00ak inguruan ailegatzea aurreikusten da.
Manuel Elu eta Nekane Akarregi, iaz, Alaiko balkoian
11:00etan irekiko ditu Euskal Herriko Kamiseta azokak Latxanbre enparantzan.
Euskal Herri osotik etorritako 19 erakusmahai egongo dira, horietatik bost ondarrutarrak, euren diseinu berriak erakusten. Ordu berean, gainera, puzgarriak egongo dira eguerdira arte, Itsasaurreko plazan,
Arnasa elkartearen eskutik. “Herritarrek hainbat bidar jaia herrira zabaltzeko eskatu digute, eta eskari horri erantzunez, Alde Zaharra ez da hainbesteraino beteta egongo. Hori guretzako arnasa da”.
Eguneko momentu berezienetako bat
Manuel Eluren ahozko bolanderekin etorriko da. 12:00etan, filma ezagunen bateko soinu bandagaz girotuta, Nekane Akarregigaz batera irtengo du Eluk Alaiko balkoira, eta haren bolanderek piztuko dute jaia.
Eguerdian hainbat ekintza egingo dira, baina, 14:00ak inguruan, eguneko unerik politenetariko eta hunkigarrienetaria ailegatuko da:
Dinamartxa. Ordu horretarako, Kantoipe, Nasa eta Kofradia Zaharraren inguruetan batutakoak Dina Bilbaoren omenezko martxan datozenen zain egongo dira. Kresalako bandako musikariek, Artelango erraldoiek, Alaiko balkoian egongo diren irrintzalariek eta han batutako jendearen txalo zaparradak eta
Txapeldunak kantuak hartuko ditu Dinamartxan parte hartuko dituztenak.
Dinamartxa Alde Zaharrean sartzen, iaz
Dinamartxako azkena sartu ondoren, betiko modura, Nekane Akarregik
Radixu Irratiaren pregoia irakurriko du, eta orduan jakingo da aurtengo omendua zein den. Bazkal aurretik, Bertsutan elkartekoek bertsoak abestuko dituzte, eta Kamiseta azokako irabazleen sari banaketa ere egingo da.
Bapo bazaldu ostean, 18:00etan, umeentzako beti-betiko jolasak egongo dira. Txokor batzea, arrautza goilaran eramatea, sagarrak uretan, gozokiak irinetan… eta jolasak “sokatira apoteosikoagaz” eta
Trikitixa abesten eta dantzatzen amaituko dira.
Iluntzean, jaia azken txanpan sartzen hasi orduko,
Txo! Antzerki Kolektiboko kideek esketxa egingo dute aurtengo omenduaren omenez, eta gero, erromeria egingo da dultzainaren doinuez zipriztinduta, Plaza Gainean. Banakoarekin hasi eta Larrain dantzagaz amaituko dute erromeria.
Herritarrak Zapato Azuleko edalontziekin, iaz
Larrain dantza herrikoiaren ostean, jaiari bukaera eman eta
eskertzei tartea egiteko sasoia etorriko baldin bada ere, azken urteetan gertatu legez, jaiak alde zaharretik Musika Plazara jauzi egingo du. Bertan jarriko den txosna gune berezian ordu txikiak arte jaia luzatzeko aukera egongo da.
Jaiari begira, gainera,
edalontzi berrerabilgarri urdinak banatuko dira herriko hainbat tabernetan, eta antolatzaileek, herritarrak edalontzi berrerabilgarri horiek erabiltzera animatu nahi dituzte.
EGITARAUA