Lekeitioko erabiltzaileek egindako eskaerei esker, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bidaideak elkartearen bitartez eskaintzen den Hondartza denontzat programa
astebete aurreratzea lortu dute Lekeition.
Lekeitioko hainbat herritar zerbitzua hondartzako sorosleen zerbitzuagaz batera ekainaren 1ean hasteko eskatzen aritu dira 2008az geroztik. Ordutik,”diskriminazio egoera hori” salatzen ibili dira, eta orain, egoera zer edo zer aldatzea lortu dute. “Egindako eskaerak euren fruitua ematen hasi dira. Zerbitzua astebete aurreratzea lortu dugu, baina, gure asmoa hondartzan eskaintzen diren zerbitzu guztiak denak batera hastea da. Guk ere beste herritar guztien eskubide berberak ditugu, eta aukera berberak lortu arte borrokatzen jarraituko dugu”, adierazi dute Lexuri Badiola eta Gorosti Txopitea zerbitzuaren erabiltzaileek.
Lexuri Badiola eta Gorosti Txopitea, Hondartza Denontzat programako erabiltzaileak. Argazkia: Lexuri Badiola
Programa aurreratzea lortu baldin badute ere, uztailaren 1a arte
zerbitzu bakarra izango dute erabilgarri. Erabiltzaileen arabera, oraingoz, uretara sartzeko aulki anfibioa ekarri dute Lekeitioko Isuntza hondartzara. “Atzo [ekainak 23], zerbitzua ematen duen etxola ipini zuten hondartza alboan, eta gaur [ekainak 24], ostera, aulki anfibioa ekarri dute. Bertako giltza hondartzako sorosleen postuan egongo da, eta hurrengo egunotan zerbitzua erabili nahi duenak, giltza bertan jaso, eta aulkia erabili ahal izango du uretara sartzeko”.
Hori bai, uztailaren 1a arte aulki anfibioa erabili nahi dutenek euren kabuz erabali beharko dute zerbitzua, profesionalen laguntza barik. “Lagunek edo etxekoek lagundu beharko digute gure gurpildun aulkietatik aulki anfibioetara pasatzen”, gaineratu du Badiolak.
Uztailaren 1etik aurrera zerbitzu gehiago
Programa berez, uztailaren 1ean hasten da, eta abuztuaren 31ra bitartean, mugikortasun arazoak dituztenek beste hainbat zerbitzu izaten dituzte eskura Isuntza hondartzan, 11:00etatik 19:00etara. Besteak beste, uretara sartu ahal izateko hiru laguntzaile egongo dira, aulki anfibio gehiago eta hondartzan oinez laguntzeko makulu berezi batzuk ere izango dituzte eskura.
Badiolak eta Txopiteak azpimarratu dutenez, orain lortutakoa “aurrerapauso garrantzitsua” da, baina uztailetik aurrera ematen diren zerbitzu horiek guztiak ekainaren 1ean hasteko lanean jarraituko dute.