Koalizioak Madrilen ordezkaritza izatea garrantzitsua dela dio, Euskal Herriari eragiten dioten lege asko han onartzen dituztelako.
Aukerak zabaltzera goaz duzue kanpainako leloa. Ze aukera behar ditu Euskal Herriak Madrilen?
Jende askok egiten du galdera hori: «Madrilen zertarako, handik ezer gutxi heltzen bazaigu?». Nik neuk ere pentsatu izan dut askotan. Baina garrantzitsua da han egotea. Legeak han zehaztu eta erabakitzen dira, eta guri zuzenean eragiten diguten gauza askotan, gainera. Eskubide sozialak zanpatu dituzten legeak onartu dituzte azken urteetan, eta horregatik da garrantzitsua han egotea. Guk gure agenda badugu, eta gai garrantzitsuak biltzen ditu, galdutako eskubide sozialak berreskuratzera begirakoak ere. Horregatik egon behar dugu Madrilen, eta gobernua aldatzeko aukerarik balego, gure botoek hor egon behar dute. Gero, guk, gure agenda eta Euskal Herrirako programak ditugu; zer nolako Euskal Herria nahi dugun badakigu, eta eredu hori ezin dugu Espainiarako defendatu, zelako Espainia nahi duten beraiek erabaki beharko dute. Guk gure herriarekiko erabakiak hartu nahi ditugu.
Herri mailako politikagintzan urte askoan lanean, eskarmentua baduzu. Zer eskaini dezakezu Madrilen?
21 urte daramatzat politikaren munduan, baina horretatik ez naiz sekula bizi izan. Uste dut hori positiboa eta aldekoa dela, badaudelako politikari profesionalak, agian, beste ikuspuntu bat izan dezaketenak. Nik udalean lan egin dut, eta udaleko lana oso berezia da. Herriagaz zaude, herriagaz lanean, lana ahalik-eta ondoen egiten saiatu naiz, herritarren bizimodua hobetzeko. Beraz, Euskal Herriaren eredu bat eman dit, zer nolako Euskal Herria nahi dugun. Burujabetzaren alde lan egiteko, esaterako, burujabetza soziala izan behar dugu oinarri, herri mailan garatzen dena, herritik ateratzen dena. Gizartean dago fokua, haren beharrizanetan.
Madrilen burujabetza sozialaren alde egin daitekeen lanak onurak ekarriko dizkio Euskal Herriari?
Bai, noski. Eta kontzeptu hori esportatu daiteke, Madrilera eraman. Estatuko beste talde batzuekin itunak egin ditzakegu; eta jakin badakit Amaiurreko eta EH Bilduko senatari eta diputatuek lan horretan bidea egina dutela. Dena den, eragileekin ere lan egin behar dugu, kalera atera eta beraien iritziak jaso.
Senatuak, baina, boterea mugatuta dauka Kongresuagaz alderatuta. Zein izan beharko litzateke senatarien funtzioa?
Senatuak badu bere garrantzia. Autonomoa da, eta badu funtzio legegilea. Kongresuan adosten diren legeak senatuak berak berretsi behar ditu, eta hori garrantzitsua da. Aurrekontuak fiskalizatzeko funtzioa ere badu, eta, batez ere, aipatu nahiko nukeen ardura bat da Konstituzioa aldatu behar bada, Kongresuak eta Senatuak elkarregaz egin behar dutela. Era berean, senatuak badu esklusibitate bat: 155.1 artikulua baliatuta, autonomia bat bertan behera uzteko boterea du. Beraz, garrantzitsua da senatuan ere indarrak jartzea.
Kongresuak eta Senatuak zenbait arlotan botere berdintasuna dute, nazioarteko itunetan, esaterako. TTIPa duzue berbagai kanpainan. Zer suposatuko luke itun horrek?
Ituna, oraingoz, ez dago argi zer den ere, baina badakigu merkataritza liberalizatzeko itun bat dela. Horren arabera, multinazionalek aginduko lukete. Gure bizimoduaren kontra doan politika da, gainera. Izan ere, TTIParekin «labeldun» produktuek ez lukete ekonomian lekurik izango. Nekazarien kontrako legeak baliatuko lituzketela diote adituek, baina ezkutuan darabilten zerbait da. Badirudi aurrera egingo duela, eta Amerikako Estatu Batuetan har ditzakete etorkizunean gure ekonomiari erangingo dioten erabakiak. Botere ekonomiko handien menpe gera gaitezke. Dena den, tokian tokiko produktua babestearen alde egin daiteke herri mailan, eta egin beharko genuke.
Ekonomia aipatuta, Arcelor Mittal dugu egunotan albiste, baita Sestaoko lantegia ere. Madrilen egiten den politikak nola eragin dezake Bizkaian?
Sindikatuei dagokienez ere desberdinak gara hemen. Sindikatu espainolek langileen erdiak kaleratzeko, deslokalizatzeko… enpresak egindako proposamenari men egin zioten lehen minutuan. ELAk eta LABek ez, ordea. Ikusten da langileen defentsan ere desberdinak galera, ez dugu holakorik hain erraz onartuko, eta hori jakinarazi behar dugu Madrilen. Dena den, indarrean dugun lan erreforma ere ez dugu alde, eta galdutakoa berreskuratu behar dugu. PP bota behar dugu gobernutik, baina ez dugu ahaztu behar lan erreformari lehen bultzada Zapateroren PSOEk eman ziola.
Gizarte zerbitzuetako zinegotzia izan zara, berdintasun arloan ere lan egiten duzu. Senatuko batzordeei erreparatuta, X. legealdian (2015eko abendura bitartean), Senatuak zituen 32 batzordeetatik 29tan gizonak ziren gehiengoa batzorde mahaietan. Berdintasun arloko mahaia zen emakumezkoekin osatutako bakarra.
Berdintasuna emakumeen ardura den irakurketa egiten dute. Gizarte arloko gaietan ere oraindik leku askotan emakumeak jartzen dituzte, baita udaletxeetan ere. Ematen du jaio garela familia, umeak eta nagusiak zaintzeko. Erabaki mahaietan emakumerik ez egoteak erakusten du gaur egun oraindik politikan nork agintzen duen. Emakumezkoak gutxiengoa gara, baina lan egitea tokatzen da, eta hori egingo dugu.
Herrien eta herritarren erabakitzeko eskubidea ere defendatuko duzue Madrilen. Zergatik han ere?
Zoritxarrez Madrilek inposatzen dituen legeen menpe gaudelako. Euskal Herrian ez dugu legerik kontsultak egitea ahalbidetzen duenik. Eta, eginez gero, Katalunian egin zuten legez, mehatxuka hasten dira. Beraz, erabakitzeko eskubidea Madrilen defendatu behar dugu; ez guretzako bakarrik. Gobernu aldaketa emango balitz eskatuko genuke onartzea estatua plurinazionala dela. Beraz, estatuko beste inon kontsulta egitea erabakiko balute, guk exijituko genuke modu demokratikoan egiten dutena babesteko.
Zein izan beharko litzateke euskal indar politikoen lana senatuan? Elkar elikatu beharko zenuketela uste duzu?
Bai. Gaur egun ere harremana oso ona da herri txikietako ordezkarien artean. Nazio gaietarako gure laguntza emateko prest egongo gara. Alderdi txikien artean, gainera, badira nazio sentimendurik izan ez, baina kontsulta egitea guztiz demokratikoa ikusten dutenak. Bestalde, badaude Podemos bezalako alderdiak, aldeko jarrera izatetik, orain, Espainiaren batasunaren berme legez agertu izan direnak. Katalunian kontsulta egitearen alde daude, baina Espainia osoan egiten bada. Horrekin ez nago ados, ni nire herriari galdetu nahi diot. Dena den, aliantzak lortzearen alde nago, EAJgaz ere. Bakoitzak gure historia eta gure «motxila» daramagu, baina bai lege orokorrei zein sektorialei dagokienez, lanerako prest gaude; arrantza, kasurako. Raxoirekin ere bilduko nintzateke. Komuneko punturen bat badugu, horren alde egin beharko genuke.
Hauteskundeak berriro. Gobernurik osatuko da?
Baiezkoan nago, ez direla ausartuko hirugarren hauteskundeak deitzera. Azken sei hilabeteetakoa lotsagarria izan da. Ez dira gai izan negoziatzeko, beraien alderdien interesak defendatzen ibili direlako, ez herritarrenak.