Agirretxea (Ondarroa, 1966) EAJren Gipuzkoako zerrendaburua da kongresurako. Diputatua izan da azken legealdian, eta abenduan legez, Gipuzkoako hautagai nagusia da orain ere. Euskal ahotsa Madrilen defendatzearen garrantzia azpimarratu du.
Lehenik Euskadi leloa aukeratu duzue kanpainarako. Zer lehentasun behar ditu Euskal Herriak Madrilen?
Euskal ahotsak presente egon behar du Madrilen, eta horretarako, euskal ahotsa hobetoen defentatuko duten diputatu eta senatariak behar dira. EAJk orain arte oso ondo bete du lan hori, eta ondo betetzen jarraituko du. Zentzu horretan, Lehenik Euskadi esaten dugunean gure interes bakarra Euskadi delako da. Guk ez daukagu Madrileko gobernurako inongo asmorik, lekurik eta beharrik, baina Euskadiri dagozkion gai asko oraindik ere Madrilen erabakitzen direnez, han egon behar da hori defendatzeko, gaizki eginak salatzeko eta dagokiguna aldarrikatzeko.
Joseba Agirretxea mitina ematen, herenegun, Elgoibarren. Argazkia: EAJ
Espainiako Gorteetarako hauteskundeek pisua galdu ohi dute euskaldun askorentzat. Zergatik egon behar du EAJk Madrilen?
Gauza asko, oraindik ere, Madrilen erabakitzen dira. Madrileko gobernuaren eskumena dira guretzat oso garrantzitsuak diren zeinbat gauza, besteak beste: alor soziala, ekonomikoa eta politikoa, pentsioak, Abiadura handiko trena, kartzela politika… Bestalde, gure eskumenak diren beste zenbait alor Madrildik baliatzen direlako edo lege berzentralizatzaileak bere egiten dituelako ere, esku sartze horren salaketa ere norbaitek egin beharko du, eta horretarako egongo gara Madrilen.
Madrili dagozkion hainbat eskumen aldarrikatu nahi dituzue. Zer eskaera egingo dituzue, eta zer garrantzia du eskumen horiek Euskal Herriaren esku izateak?
Alde batetik, bete gabe dagoen estatutua dago. Horrek ez du esan nahi estatutu horregaz ados gaudenik edo nahikoa dugunik. Uste dugu gainditua dagoela, baina oraindik ere, bete gabe dago, eta estatus politiko berri bat aldarrikatu nahi dugun arren, bitartean estatutu hori bete dadila eskatuko dugu. Horien artean, besteak beste, pentsioen sistema daukagu. Pentsioak Espainiako kutxa bakarraren bidez kudeatzen dira, eta guk uste dugu kudeaketa hori guri dagokigula, estatutuak hala dio, gainera. Gure pentsioak guk jasoko dugun dirutik kudeatuko bagenitu, bermatuagoak leudeke, eta ez lirateke defizitarioak izango. Are gehiago, beste gauzetan modura, Espainiakoak baino hobeto kudeatuko genituzkeela uste dugu.
Kongresurako zerrendaburua zara Gipuzkoatik, eta hautagaitza nagusia errepikatuko duzu. Hainbat legealdi daramatzazu Madrilen; zer eskaini ahal izango duzu oraingoan?
Oraingoan ere, aurrekoetan bezala, lana, konpromisoa eta lehialtasuna eskainiko ditut, bai herriarekiko –horiek aukeratu gaituzte– eta baita nire alderdiarekiko –horrek proposatua bainaiz–. Inongo muzinik egin gabe gure herritarren beharrak, Madrilek erabaki behar dituen gaiak eta guri dagozkigunak ahal denik-eta zintzoen eta egokien defendatzea izango da nire konpromisoa.
Herrien eta herritarren erabakitzeko eskubidea ere defendatuko duzue Madrilen. Zer egingo du zuen alderdiak horren alde?
Horren alde beti egon gara, eta han ere hori aldarrikatuko dugu, baina han ezin dugu defendatu hemen erabakitzen ez dena. Lan hori lehendabizi hemen egin behar da, eta gero guk eramango dugu hemendik hara.
EAJren ardatz nagusienetako bat kontzertu ekonomikoaren defentsa eta babesa izan dira. Zer galera izan dezake kontzertu ekonomikoa kentzeak?
Joseba Agirretxea mitin bat ematen. Argazkia: EAJ
Dudarik gabe, ikaragarrizko galera izango litzateke, eta gure autogobernua erabat jota utziko luke. Gaur egun dugun erakundeen azpiegitura eta sare politiko guztia posible dira kontzertu ekonomikoari esker. Gure zergak guk jasotzen ditugu, eta diru horregaz aurrekontuak guk antolatzen ditugu, gure lehentasunak guk ezarriz.
Abiadura handiko trena garrantzitsua dela diozue. Zer onura ekarriko luke?
Azpiegitura horren bitartez Europan kokatuko ginateke, herri moderno modura. Momentu honetan garai-garaiko herri izateko burdinbideko azpiegitura garrantzitsua eta ezinbestekoa da, eta gu ezin gara hor atzean gelditu.
36ko gerran fusilatutakoak gogora ekarri dituzue kanpainan. Oroimen Historikoaren legearen inguruan zer eskaera egingo dituzue?
Sarraski hura gertatu zenetik 80 urte pasa badira ere, ez da bidezkoa oraindik ere zenbait kausa pendiente egotea. Legea benetan bete dadila nahi dugu, eta Madrilgo gobernuak lege hori betetzeko konpromiso irmoa hartu dezala eskatuko dugu, horretan oso zorrotzak izango gara. Alde batetik, duintasuna behar dute bide bazterretan oraindik lurperatuta dauden eta identifikatu ere egin gabe daudenek; Madrilgo gobernuak ez du pauso bakar bat ere eman horretan laguntzeko. Bestalde, oraindik ere estatuaren esku daude gerra garaian konfiskatu eta lapurtutako ikur, sinbolo, dokumentu eta antzekoak, eta horiek beraien jabeei bueltatzea eskatuko dugu, dudarik barik.
Agirretxea: “Euskal Herria beraien programan eta eginkizunetan jartzen dutenekin hitz egingo dugu, eta adostu behar baldin bada adostu”
Bigarren hauteskundeak urte erdian. Gehiengo absoluturik gabe egon ziren aurrekoan alderdiak, oraingoan gobernua osatuko dela uste duzue? Azken inkesten arabera, PP-Ciudadanos eta Unidos Podemos-PSOEren arteko koalizioek ahalko lukete gobernua osatu. Zein nahiago luke EAJk?
EAJk euskal agenda aintzat hartzen duena nahi du agintean, ez daukagu beste inongo lehenespenik. Gurea kontuan hartzen duena, eta gurea adosteko prest dagoenagaz hitz egingo dugu. Orain artekoa ikusita, egia esan, denek ala denek ere, interes gutxi azaldu dute Euskal Herriarekiko. Beraz, Euskal Herria beraien programan eta eginkizunetan jartzen dutenekin hitz egingo dugu, eta adostu behar baldin bada adostu. Gure lehentasuna ez da ez Pedro, ez Pablo, ez Mariano, ez Albert, baizik eta, euskal agenda.
Kanpainaren azken txanpan sartuta, gogotsu domekarako?
Erabat indartsu eta gogotsu gaude. Orain arte egin duen modura, gainera, konfiantza daukagu jendarteak bere babesa emango digula. Edozein kasutan ere, gu Euskadiren zerbitzurako gaude. Jakin badakigu beste askok Espainiako gobernabilidadea dutela lehentasun nagusia, baina guk finalerdi hau jokatu behar dugu urrian izango ditugun Euskadiko hauteskundeetarako lehendakaritzaren kopa jasotzeko.