Markina-Xemeingo Amallo auzoan barikuan [ekainak 24] eta zapatuan [ekainak 25] ospatu dituzte jaiak. «Giro polita egon da jaietan. Eskerrak eman nahi dizkiegu hau posible egiten duten auzotar guztiei», nabarmendu dute Jai Batzordeko kideek.

Xabi Solano eta lagunen kontzertua, Amallon. Argazkia: Amalloko Jai Batzordea
Ohi modura, San Joan Eguna kutsu bereziagaz ospatu zuten Amallon. “Auzotarrentzat egun berezia da, eta goi-goitik ospatu genuen. Aurten barikua izan denez, gainera, jende gehiago batu gara”. Eguerdiko eliz ospakizunen ondoren, auzoko gazteek desafioa egin zuten, korrika eta aizkoran, hiruko bi taldetan banatuta. Baina, ez zen eguneko desafio bakarra izan. Arratsaldean, aldiz, Amalloko, Markina-Xemeingo eta Berriatuko neska-mutilen arteko probak egin zituzten. Norgehiagoka estua jokatu zuten hiru taldeek, baina txapela Berriatuak jantzi zuen, Amallok baino untza bat gehiago eginda. Markina-Xemeingo taldea, berriz, hirugarren sailkatu zen.
Gauean, Xabi Solanoren kontzertuan jende asko batu zen ermita inguruko zelaian. Solanok eta lagunek Esne Beltzako hainbat kantu ezagun jo zituzten, Etzakit taldeko beste hainbat kantugaz batera. Zelaian geratu zirenek Izerdi Gorria taldearen erromerian dantzan ibiltzeko aukera izan zuten, goizaldeko ordu txikiak arte.

Amalloko San Joan jaietako desafioko parte hartzaileak. Argazkia: Amalloko Jai Batzordea
Erromeriako atsedenaldian, gainera, goizaldeko bertsolari txapelketa egin zuten. Ohi modura, umorerik ez zen falta izan bertso saioan. Iaz modura, Nerea Ibarzabalek irabazi zuen txapelketa, eta Lander Gabixola sailkatu zen bigarren.
Auzotarrek nabarmendu dutenez, zapatuan ere nahikoa jende ibili zen auzoko jaietan. 23. Mus txapelketan 25 bikotek eman zuten izena, eta VI. zaldi dema «oso lehiatua» izan zen. Maumeko Baraiazarrako zaldiak irabazi zuen dema 85 untza eginda, eta Aulestiko Kobaren zaldia bigarren izan zen, untza bat gutxiago eginda.
Bolo txapelketan 27 lagunek eman zuten izena, eta parte hartzaileen arabera, txapela irabaztea inoiz baino zailagoa izan zen. Jaiekin amaitzeko, Ansorregi eta Larrañaga trikitilarien erromeria egin zen, eta tartean, zozketa egin zuten. Zenbaki saritua 3.242 izan da, eta ordezkoa, 533. «Oraingoz, ez da sariduna agertu, baina dakigunaren arabera, zenbaki irabazlea Markina-Xemeingo Erdiko dendan saldu da».