Beste hainbat auzoetan egin modura, Ondarroako Gorozika auzoan ere San Joanak ospatzen aritu dira azken egunotan. Jaiak eguen [ekainak 23] iluntzean hasi bazituzten ere, domeka [ekainak 26] arratsaldean egin zituzten ospakizun gehienak. Jai Batzordeko kideek nabarmendu dutenez, eguraldi ederra lagun, nahikoa jende ibili da auzoko jaietan. “Auzotarrez gain, inguruko herrietako jende ere batu da auzoko plazan”.

Gorozikako jaietan egindako umeentzako jolasak. Argazkia: Ikerne Iriondo / Gorozikako Jai Batzordea
Domeka arratsaldea hasteko, umeen jolasak egin zituzten ermitaren aurrean. Parte hartzaileak beti-betiko jolasetan ibili ziren; puxika apurtzen, zaku lasterketan, patata dantzan eta amaitzeko, aulki jokoan ibili ziren. Ostean, Unai Ibiri etorri zen bere animaliekin, eta gaztetxoek pottoka gainean eta zezen txikien sokamuturrean aritzeko aukera izan zuten.

Unai Ibiriren animaliak, Gorozikako plazan. Argazkia: Ikerne Iriondo / Gorozikako Jai Batzordea
Urteroko ohiturei jarraituz, primerako herri kirol erakustaldi polita egin zuten plazan Aitzol Atutxa eta Xabier Orbegozo aizkolariek eta Aimar Irigoien eta Inhar Urruzuno harrijasotzaileek. Eguna amaitzeko, Sebastian Lizaso eta Alaia Martin bertsolarien saioagaz gozatu ederra hartu zuten auzotarrek.