Asteburuan Santanderren (Kantabria) lortutako emaitza onei esker, Ager Solabarrieta ondarrutarrak Espainiako tiro olinpikoko txapelketaren finalean parte hartu ahal izango du azaroaren amaieran. Iaz karabina berriagaz esperientzia txarra izan ostean, gogobeteta hasi du denboraldia ondarrutarrak. “Iazko mamuak uxatzea lortu dugu behintzat. Karabina berriagaz gogor entrenatzen ibili naiz, eta lehengo emaitzetara bueltatzea posible dela ikusi dut”.
Tiratzaile olinpiko ondarrutarrak eta Maite Badiola bere laguntzaileak ondo baino hobeto hasi dute denboraldia. Bi kategoriatan parte hartu du Solabarrietak, eta bietan
bigarren postua lortuta sailkatu da Espainiako finalerako, zuzenean.
Ager Solabarrieta Santanderren parte hartzen. Argazkia: Maite Badiola
60 tiro zutikako kategorian, esate baterako, 570 puntu baino gehiago lortzea zuen helburu, eta azkenean, 574 lortu ditu. Gustura aritu zela nabarmendu du Solabarrietak. “Hiru akats egin nituen. Horietako bat handia izan zen, eta, hasiera batean, etsituta geratu banintzen ere, txapelketa ez nuen galdutzat eman. Gogor saiatu nintzen, eta helburua betetzea lortu nuen”.
Zutikako probaz gain,
60 tiro etzandako kategorian ere parte hartu zuen ondarrutarrak. Espainiako txapelketa batean estreinako parte hartu ahal izan du, eta pozik agertu da emaitzagaz. “Espainia mailako txapelketa batean lehen aldiz eduki dugu horretarako aukera, eta pozik geratu naiz. Iaz Austrian egin nuen estreinako etzandako proba, eta oraingoan, emaitza hobea lortu dut”.
Ager Solabarrieta Espainiako sailkapen txapelketan. Argazkia: Maite Badiola
SAILKAPENA
Zutik
- Miguel Rodriguez 576,2 puntu
- Ager Solabarrieta 574 puntu
- Alfredo C. Borja 559 puntu
Etzanda
- Miguel Rodriguez 596,2 puntu
- Ager Solabarrieta 584,3 puntu
- Alfredo C. Borja 573 puntu