Aurten ere Zapato Azulean zamar asko sortu dela dio
Ondarroa Zero Zamar taldeak.
Jai eredua aldatu behar dela nabarmendu dute taldeko kideek, “garbi jokatuta ere ondo pasa” daitekeelako. “Noiz ikasiko dugu ondo pasatzen horrenbeste zamar sortu barik?”, diote.
Musika Plaza zaborrez beteta. Argazkia: Ondarroa Zero Zamar
Taldeko kideen arabera,
Zapato Azuleko antolatzaileek urtero ahalegin handia egiten dute zamar gutxiago sortzeko. “Aurten inoiz baino edalontzi urdin gehiago atera dituzte, jendeak edalontzi horiek erabili, eta kaleak garbiago egoteko. Baina argi dago zer edo zer gehiago egin behar dela. Jendearen pentsamoldea aldatu behar da, birziklatzeko edukiontzi gehiago erabili, tabernariak inplikatu…”.
Zubi Zahar inguruak zamar poltsaz beteta. Argazkia: Ondarroa Zero Zamar
Zero Zamarrekoek azpimarratu dutenez, jai bat antolatzen den bakoitzean zamar asko sortzen da herrian. “Hondakin askok zabortegian amaitzen dute, eta beste askorek errekan eta itsasoan, inguru naturala kutsatuz. Guk ondo pasatzeko Euskal Herria zabortegiz betetzen ari gara, eta planetako baliabide naturalak jaten ari gara”.