Uztailaren 4a da San Martin eguna, baina,
Markina-Xemeingo San Martin auzoan domekan bilduko dira herritarrak, egun osoko jaian.
Ispasterren, berriz, astelehenean ospatuko dute Martin Deunaren Jaia.
Markina-xemeindarrak San Martin ermitan meza entzun ostean,
ohiturazko aurreskua ikusteko batuko dira ermitaren inguruan.
Halaber, eguerdian
Umeen Dantza Solte Txapelketa egingo dute, eta sari potoloak prestatu dituzte. Euskal Herriko dantza solte txapelketen barruan, aurtengo bosgarrena izango da domekakoa. 2012tik daude txapelketen sare horretan, eta aurten hirugarren aldiz egingo dute umeen txapelketa (beste bitan nagusiena egin zuten).
“
Zortzi bikotek izena eman dute, eta hor zegoen muga. Gainera
maila altuko dantzariak etorriko dira, esaterako, aurten, orain arte lehiatu dituzten lau txapelketetatik hirutan irabazle izan den bikoteak parte hartuko du”, zehaztu dute San Martin Kofradiako kideek.
Irabazleak 180 euro, txapela eta zapia eskuratuko ditu, bigarrenarentzat 160 euroko diru saria egongo da, eta hirugarrenarentzat 140 eurokoa.
Batzuk mezan, eta dantza erakustaldiekin gozatzen dauden bitartean, beste asko paellak prestatzen ariko dira kuadrilletan elkartuta. Izan ere, 14:00etarako prest izan beharko dituzte, orduan egingo baitute
XXIX. Paella txapelketaren aurkezpena.
Gainera, aurten sari berezi bezain osasuntsuak egongo dira. Hain zuzen ere, nekazari profesionalez osaturiko Barrenetxe kooperatiban eskutik,
barazki sortak jasoko dituzte lehen lau sarituek.
Arratsalderako ere adin guztientzako plana prestatu dute.
Umeen jolasak eta Irrien Lagunen Irrikula Makula Kriskitin Dzart! ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute txikienek, eta bertan izango dira Tiritatxo eta Martin Bertso.
Gainera, ikuskizuna amaitu ostean txokolatada eta zozketa egingo dituzte;
500 euroko diru saria zozkatuko dute.
Bestalde, gazte eta helduek mus eta briska txapelketak lehiatuko dituzte.
Jose Barenda XXXII. Mus txapelketa eta XXIX. Briska txapelketan parte hartzeko, bikoteko 12 euro ordaindu beharko dira.
“Orain dela hilabete batzuk hil zen Barenda. Hura izan zen hemengo mus eta briska txapelketen sustatzaile nagusia, eta inguruko herri eta auzoetan ere hura ibiltzen zen txapelketak antolatzen. Halaber, auzolanean zein bestelako ekitaldietan ere beti egoten zen, eta haren omenez izen hori jarri diogu aurten”, zehaztu dute.
Bikote irabazleak 150 euro eta txapelak jasoko ditu, eta bikote azpitxapeldunak 100 euro eskuratuko ditu. Era berean, hirugarren sailkatzen den bikotearentzat 80 euro daude, eta laugarrenarentzat 50 euro.
Martin Deunaren jaia
Astelehenean, 12:00etan ospatuko dute meza santua Ispasterko Martin Deunaren baselizan.
Gero, bertan bildutakoek
herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izango dute. Orain dela hiru urte antolatu zuten azkenengoz San Martin egunerako herri kirol erakustaldia, eta aurten modu berezian berreskuratuko dute. Izan ere, beste herrietan normalean gertatzen ez den bezala,
emakumeak izango dira protagonista bakarrak. “Berdintasun arloan beste pauso bat eman nahi izan dogu; herri kiroletan gizonezkoak dira nagusi, baina, andrak ere badaudela erakutsi eta nabarmendu nahi izan dugu”.
Irati Astondoak, Esti Olivaresek, Haizea Iturbek, Susana Maldonadok eta Garazi Arrutik eskainiko dute erakustaldia.
Astondoa eta Iturbe aizkoran ariko dira; Iturbe da guztietan gazteena, 9 urte baino ez ditu. Maldonadok eta Arrutik harrizulatzea eta ingude altxaketa egingo dituzte, eta Astondoa eta Olivares trontzan eta txokor batzean ariko dira. Gainera, erakustaldiaren ondoren, bertan bildutako umeek zenbait herri kirol egiteko aukera izango dutela jakitera eman dute.
Arratsaldean, berriz, tradizioari eutsiz
Mus eta Briska Txapelketak lehiatuko ditute, lau erregetara.
Briska txapelketarako bikoteko 10 euro ordaindu behar dira, eta
mus txapelketarako, berriz, bikoteko 20 euro.
Bikote irabazleak batutakoaren %50 eta txapelak eskuratuko ditu. Bikote azpitxapeldunarentzat batutakoaren %30 eta garaikurrak egongo dira, eta hirugarren bikotearentzat batutakoaren %20 eta garaikurra. Laugarren sailkatzen den bikoteak garaikurrak jasoko ditu.
EGITARAUAK:
MARKINA-XEMEINGO SAN MARTIN AUZOA (UZTAILAK 3, DOMEKA):
- 11:30: Herri meza. Ostean, ohiturazko aurreskua.
- 13:00: Umeen dantza solte txapelketa.
- 14:00: XXIX. Paella Txapelketa.
- 16:30: Umeen jolasak.
- 17:00: Jose Barenda XXXII. Mus txapelketa eta XXIX. Briska txapelketa.
- 17:30: Irrikula Makula Kriskitin Dzart! Irrien Lagunen ikuskizuna, Tiritatxo eta Marin Bertsogaz.
- 19:00: Zozketa eta txokolatada.
- Egun guztian: Angel Egia giroa alaitzen.
ISPASTER (UZTAILAK 4, ASTELEHENA)
- 12:00: Meza santua Martin Deunaren Baselizan.
- 13:30: Herri kirolen erakustaldia: Irati Astondoa, Esti Olivares, Haizea Iturbe, Susana Maldonado eta Garazi Arruti.
- 18:00: Mus eta Briska Txapelketak.