Berria-ko Aitor Manterola kazetariak egindako erreportajea:
Beti izaten da berezia Ondarroan (Bizkaia) Zapato Azule festa, baina aurtengoa aspaldiko bereziena izango zen. Joan zen larunbatean, egun handia azken orduetan zela, 22:00ak aldera, festara gehitu ziren arraunlariak, Hondarribiko (Gipuzkoa) estropadako bandera berekin zekartela. Parrandara ez ziren geratu, hurrengo egunean ere estropada zeukatelako. Baina parrandari esanahi berezia eman zioten banderarekin. «Kontxako Bandera irabazi genuela ematen zuen: hori da hori jendetza gure zain», esan du Josu Elu arraunlariak (Ondarroa, Bizkaia, 1983). «Sekulakoa izan zen», gehitu dio Iñigo Larrinaga patroiak (Ondarroa, Bizkaia, 1985). Ez zen gutxiagorako ospakizuna.
KAE1 ligako bigarren bandera zuten jokoan Hondarribian, eta bigarrena ere etxean zeukaten ondarroarrek, aurrenekoa bezala. Eta baita hirugarrena ere, igandekoa, Getariakoa (Gipuzkoa). Zapato Azulek igandea ere hartu zuen arraunlarien festarako ekarpenarekin: hirugarren bandera segidan, hiru estropada jokatuta.
Esanahi berezia daukate hirurek, eta iazko sasoira joan behar da horren berri emateko. KAE1 ligako talderik onenetakoa izan zen Ondarroa, baina ezin izan zuen banderarik irabazi; seitan izan zen bigarren. «Aurtengo aurrenekoa irabazita, Bilbokoa, pisu handia kendu dugu gainetik, iazkoa gogorra izan zen eta», azaldu dute biek. «Pentsa zer den irabaztera zoazela jakitea; nik azken metroak dardarka egin nituen Bilbon, eta neure burua lasaitu behar izan nuen, ontzia ez desorakatzeko», kontatu du Larrinagak.
Josu Elu: “Gozatu egin nahi dugu honekin, eta ea uztail bukaeran non gauden. Abuztuan sartu, eta, kanporaketa jokatzeko aukera badugu, orduan hasiko gara pentsatzen horretan”
Aurreko urtean, azkenean, San Miguel ligara igotzeko kanporaketatik kanpo ere geratu ziren, liga amaiera ona ez egiteagatik. Aurtengoa beste modu batean hasi dute, baina irailean jokatuko den Liga nagusiko kanporaketa urrun ikusten du Eluk: «Gozatu egin nahi dugu honekin, eta ea uztail bukaeran non gauden. Abuztuan sartu, eta, kanporaketa jokatzeko aukera badugu, orduan hasiko gara pentsatzen horretan». Larrinagak ere zuhurtziaz hitz egin du: «Estropadaz estropada joan behar dugu, eta ezin gara fidatu. Iaz ikusi genuen zein azkar galdu genuen aukera kanporaketa jokatzeko».
Arraunlariak, Zapato Azulean, Alaiko balkoian garaipena ospatzen
2011n jarritako hazia. Sekulako berdintasuna dago Ligan, eta bospasei talde dira goi-goian ibiltzeko gai. Eluk hausnarketa hau egin du: «Ez da ezer behar aurrena edo zazpigarrena geratzeko. Nahikoa da kontu txiki batean huts egitea edo zorte txarra izatea puntu pila bat galtzeko estropada batean». Larrinagak, dena dela, daukaten aldeari erreparatu dio: «Zortzi puntu ateratzen dizkiegu bigarrenari eta hirugarrenari, eta seigarrenari, Isuntzari, hamabi. Beren artean jarrai dezatela lehian zein bigarren izan, eta guk baliatuko dugu hori gurean segitzeko».
Urrun ikusi arren iraila eta San Miguel ligara igotzeko kanporaketa, ez dute ukatu burura etorri izan zaiela: «Polita litzateke hori jokatzea, Liga nagusiko bi estropada baitira, azken batean».
Urteetan atzera eginez gero, oraindik eta balio handiagoa emango liokete Ondarroa kanporaketan sartzeari. Izan ere, orain nagusi dabilen talde hau 2011n hasi zen loratzen: «KAE1 ligara igo ginen urte horretan, eta talde hartatik bospasei arraunlarik jarraitzen dugu. Taldearen mamia horixe da», azaldu du Eluk. Larrinagaren arabera, «gero, lehen ibilitakoak edo urte hauetan utzi dutenak batu dira taldera, eta, azkenean, oso itxura ona hartu du traineruak».
‘Antiguako Ama’-ko arraunlariak
Bada beste norbait ere aipamenik gabe utzi nahi ez dutena: «Jon Iriondo entrenatzaileak eman digu halako lehiakortasun puntua, berak badakielako hori behar dela punta-puntan ibiltzeko. Esperientzia handia dauka elitean, eta antzematen zaio». Biak datoz bat baieztapen horretan, eta entrenamendu guztiei sekulako garrantzia ematen diela ere gehitu dute: «Lan guztiek daukate helburu bat; ez gara denbora pasatzera ateratzen uretara».
Arraun elkarteko bulegoan ari da izaten solasaldi hau, eta hor barruan ere orduak igarotzen dituzte biek, zuzendaritzako kideak ere bai baitira: «Duela urte batzuk ikusi genuen sartu egin behar genuela, Ondarroak aukera zuelako gorago ibiltzeko, eta hemen jarraitzen dugu». Arraunlari eta patroi, eta zuzendaritzako kide. «Baina hori bai, bilera bat egiteagatik ez dugu entrenamendurik galtzen. Aurrena arraunlari, eta gero zuzendari», esan du Eluk, ozen asko.
Umetan hasi ziren arraunean herrian, eta hor jarraitzen dute biek, uretan eta bulegoan orain. Horrelakoek jarraitzen duten bitartean, bidea zuzen eramango du Ondarroak arraunean.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.