Agerraldia egin du LABek Gernika-Lumoko udaletxearen aurrean, eta udal administrazioak egiten dituen azpikontratazioetako langileen egoera prekarioa salatu du. Sindikatuko kide Asier Imaz eta Ramon Garaizarrek hartu dute berba, eta, azaldu dutenez, azpikontratazioak
ondorio larriak dakartza langilearentzat: eraunde publikoek ez dute beren langile legez hartzen, eta, ondorioz, arazoren bat dutenean instituzioek “eskuak garbitzen” dituzte. Horrez gain, LABek dio azpikontratazioen ondorioz
lan baldintzek okerrera egin dutela, eta egoera are lariagoa dela lan erreforarengatik. Krisi ekonomikoak eraginda, gainera, erakunde publikoetan eman diren
murrizketek azpikontratatutako lanpostuak “suntsitzea” ekarri du, LABen esanetan.
Zerbitzu publikoetako prekarietatea salatu du LABek
Sindikatu abertzaleak zerbitzu publikoko lanak langile publikoek betetzeko eskatu du, eta helburu horren alde lan egingo duela esan du. Bide horretan,
mozioak aurkeztu dituzte Busturialdeko eta Lea-Artibaiko hainbat herritan, baita bi eskualdeetako mankomunitateetan ere. Udal
erakundeen eta alderdi politikoen konpromisoa exijitzen du LABek mozio horren bitartez, zerbitzu publikoa bermatzen duten azpikontratetako langileen prekarietateari aurre egiteko. Besteak beste, LABek eskatzen du gutxieneko lan baldintzak herrialdeko hitzarmenak zehazten dituenak izatea; zerbitzua beste enpresa pribatu bati esleituz gero, langile guztien subrogazioa bermatzea; murrizketarik ez egitea eta langileen ordezkapenak bermatzea baja, opor, erretiro eta abarretan; kontratatutako enpresari emakume eta gizonen arteko aukera berdintasuna exijitzea edota lan osasun arloan araudia beteko dela bermatzea.
Ondarroak eta Markina-Xemeinek bakarrik onartu dute mozioa bere horretan; Bermeon, mozioaren puntu batzuk onartu zituen udalbatzak, eta aurrera begira klausula sozialak garatzeko konpromisoa hartu zuen. Gernika-Lumon, EH Bilduk alde egin zuen, baina EAJk kontrako botoa eman zion eta udalbatzak ez zuen mozioa onartu. Lekeition, aldiz, oraindik ez dute testua udalbatzarrean aurkeztu.
Mankomunitateei dagokienez, LABek esan du Lea-Artibaikoak hurrengo osoko bilkuran landuko dutela, eta Busturialdekoak mozioa eztabaidatzeko asmorik ez duela kritikatu du sindikatuak.