Gaztetxoen Akuatloia eta Triatloi herrikoia bihar, Ondarroan
Ondarroako Koaxi S Concept Triatloi taldeak antolatuta, XI. Gaztetxoen Akuatloia eta XII. Triatloi herrikoia egingo dira bihar.Gaztetxoen akuatloia egingo da lehendabizi. Bertan parte hartu nahi duten aurrebenjamin, benjamin, alebin eta txiki mailakoek...
Gaztetxoen akuatloia egingo da lehendabizi. Bertan parte hartu nahi duten aurrebenjamin, benjamin, alebin eta txiki mailakoek Arrigorrira gerturatu beharko dute 10:30ak orduko, izena emateko. Akuatloia ordu erdi beranduago hasiko da, eta antolatzaileek aurreratu dutenez, kategoria bakoitzari egokitutako proba antolatu dute.
Parte hartzaileek proba aringa-aringa hasiko dute, gero uretara dzanga egingo dute, eta aringa-aringa amaituko dute.
Proba amaitu ostean, parte hartzaile guztiek oparia eta domina jasoko dute. «Hemen ez da irabaztea saritzen, parte hartzea baino».
Kirola probatzeko aukera
Arratsaldean, ostera, Triatloi herrikoia egingo da. Urtero, Ondarroatik ez eze, eskualdeko herrietatik eta inguruetatik etorritako 125 bat parte hartzaile batzen ditu proba herrikoiak, eta hori izango da proban hartu ahal izango dutenen gehienezko muga.
Izen ematea doakoa izango da, 15:30etik aurrera Itsasaurre plazan, eta proba ordubete beranduago hasiko da. Kirola probatu nahi dutenei begira, distantzia nahikoa motzak prestatu dituzte.
Hondartzan hasiko dute proba, eta parte hartzaileek 400 metro igeri egin beharko dituzte, Itsasaurre plazaraino. Han aldatu, bizikletak hartu, eta 15 kilometro egingo dituzte Lekeitio eta Ondarroa batzen dituen bidean zehar. Zehatz esanda, Mendexako bidegurutzera joan-etorrira egingo dute. Azkenik, 3,5 kilometro egingo dituzte aringa-aringa, Itsasaurretik Kamiñazpiko parkera joan-etorria.