Markina-Xemeingo
Artibai Mendigoizale Taldeko kideek,
70. urteurreneko ekimenen barruan, Max-Kalamuko orientazio mahaiaren inaugurazioa egingo dute bihar [uztailak 2].
09:00etan, Kai taberna aurreko autobus geltokitik irtengo dute, eta Ixuaraino autobusean joateko aukera izango du nahi duenak. Mendi taldeak nabarmendu duenez, autobusa Ixuara joateko egongo da bakarrik. “Markina-Xemeinera buelta oinez egingo dugu”. Ixuatik Max-Kalamuko bidea, ostera, oinez egingo dute, denek batera. Behin denak Max-Kalamuako tontorrean batuta, Markina-Xemein, Etxabarria eta Elgoibar batzen diren mugarriaren alboan dagoen orientazio mahaiaren inaugurazioa egingo dute, 10:30ak bueltan.
Artibai Mendigoizale Taldeko zuzendaritza taldea ekimeneko deialdia egiten. Argazkia: AMT
Mendi taldeko zuzendaritza taldeko kideek nabarmendu dutenez,
ekitaldi xumea egingo dute. “Orientazio mahaiaren nondik norakoen berri eman, eta hortik ikusi daitekeena azalduko dugu era sinple batean”. Ekitaldia amaitu eta gero, denak oinez jaitsiko dira Etxebarriara, eta han hamaiketakoa egingo dute. Urdailak bete eta eztarriak busti ostean, Markina-Xemeinera oinez bueltatuko dira bidegorritik zehar.
Toki berezia
Mendi taldeko zuzendaritza batzordeak aitortu duenez, orientazio mahaia Max-Kalamuan ipintzea ez dute halabeharrez aukeratu. “Guretzat
esanahi berezia du tontor horrek. Taldea bertan sortu zen orain 70 urte, eta egin genuen lehenengo irteera ere bertara egin genuen. Era berean, Max-Kalamua Markina-Xemeingo mendi tontorrik garaiena ere (771 metro)”.
Artibai Mendigoizale Taldeko lehen bazkideak Max-Kalamuako buzoiaren inaugurazioan, 1946 urtean. Argazkia: AMT
Taldeak gaineratu duenez, orientazio mahaia egitea
aspaldi sortutako ideia da. Hain zuzen ere, “prozesu luzea” izan dela adierazi dute. Izan ere, 20 urte daramatzate ideiagaz atzera eta aurrera. “Taldeak 50 urte bete zituenean Max-Kalamuan orientazio mahaia jartzea bururatu zitzaigun, baina hainbat ekintza antolatu genituen, eta ez zitzaigun denerako aurrekontua ailegatu. Zer edo zer kendu egin behar izan zen, eta mahaia amaitu barik zegoenez, beste baterako utzi genuen. Ordutik hona mahaia osatzen joan gara, eta iaz, bai edo bai, 70. urteurrenean amaitu eta inauguratu egin behar genuela adostu genuen”.
Bihartik aurrera, hala, Markina-Xemeingo Arte Eskolakoek margoztu duten orientazio mahaia ikusi ahal izango dute Max-Kalamura gerturatzen diren mendizaleek. Bertan, besteak beste, inguruko mendi adierazgarrienak ez eze, urrutiago dauden beste hainbat mendi indentifikatzeko informazioa ere ematen du 80 zentimetro inguruko diametroa duen mahaiak. Zehatz esateko,
95 mendiren izena, altuera eta bertatik dagoen distantzia agertzen da. Artibaikoek azpimarratu dutenez, “den-denak ikusten dira, eguraldi garbia baldin badago, tartean, Pirineotako eta Europako hainbat mendi ere bai”.
Irteera gehiago
Hurrengo hilabeteotan ere, urteurren bereziagaz zerikusia duten beste hainbat ekintza egingo dituzte.
Irailean, esate baterako, bost urtetik behin egiten duten ibilaldi neurtu luzea egingo dute. Aurten, Markina-Markina-Xemein arteko ibilbidea egiteko asmoa daukate. “Arabako herri horretatik Markina-Xemeinera egingo dugu irteera”.