Kresaletan bustita hasi dituzte lekeitiarrek gaur [uztailak 2] San Pedro jaietako ekintzak. Untziola Egur Lan taldeak antolatuta, 80 kiloko batelak gidatu dituzte Zinga Txapelketaren parte hatzaileek. Hirugarren urtea izan du txapelketak aurten, eta baforen faltan –itsasoan daude–, parte hartzaile kopuruak behera egin du; iaz 16k parte hattu bazuten, gaur 9 izan dira.
Joxemi Bedialauneta eta Inax Bedialauneta anaia mutrikuarrak –iaz leheneko eta iazko Euskal Herriko txapeldunak, hurrenez hurren– eta Asier Gezuraga lekeitiarra izan dira lehen txandako parte hartzaileak: Joxebi Bedialauneta nagusitu da, erraz. Beste bi txanda jokatu dira ostean; handik, Jonatan Goitiz (Lekeitio) eta Iban Areso (Elantxobe) sailkatu dira finalerako.

Areso, Bedialauneta eta Goitiz, Koldo Goitia alkateagaz
Ohorezko txandan ere erraz nagusitu da Bedialauneta, 53 segundotan egin ditu bi luzeak. Goitiz izan da bigarrena (1:01), eta gaurkoan Bizkaiko Txapelketa jokoan egonik, berak eroan ditu Bizkaiko txapela eta Euskal Herriko txapelketarako txartela. Iban Areso elantxobetarra ere Euskal Herriko final nagusian egongo da; 1:27ko denbora behar izan du gaurkoan. Bedialauneta ere berdin. Gipuzkoako Txapelketarik ez da jokatu aurten, baina Lekeition eskuratutako garaipenak finalerako txartela eman dio mutrikuarrari.
Elantxoben jokatuko da Euskal Herriko Zinga Txapelketa,
uztailaren 31n.
Koldo Goitia Lekeitioko alkatearen eskutik jaso dituzte sariak lehen hiru sailkatuek, irribartsu.
Giro ederrean joan da txapelketa, animo, txalo eta broma artean. Untziola Egur Lan taldeko Iñigo Gezuragak ipini ditu gatza eta piperra mikrofonoa eskuan zuela. Alboan eduki du Jatxin Albizu taldekidea.
Gazitzearen sekretua
Portu eremua atzean lagata, limoneruetan Salazoi Eguna ospatu dute gaurkoan. Antxoa gazitan zelan egiten den erakutsi dute herriko emakumeek, eta nahi izan duenak ikasteko aukera ere eduki du; eta ikasi nahi horrek saria izan du, gainera. Asko izan dira limoneruen gerizpean bildu direnak, antxoa goxoz egindako pintxoak jaten.

Antxoak zelan gazitu erakutsi dute limoneruetan
Arratsaldean, 17:00etan, itsasadarrera egingo dute irteera, nabigazio librean; gauak Euskadiko Ikasle Jazz Orkestraren kontzertua ekarriko du plazara.
Bihar [uztailak 3] agurtuko dituzte sanpedroak Lekeition. 11:30ean, Batel tradizionalen V. San Pedro estropada egongo da jokoan, arraun zein bela modalitatean.
[HONI LOTUTA]: San Pedro Egunaren kronika