Ondarroako Koaxi S Concept Triatloi taldeak antolatuta, XI. Gaztetxoen Akuatloia eta XII. Triatloi herrikoia egin ziren zapatuan [uztailak 2]. Eguraldi txarra tarteko, ohi baino jende gutxiago batu zen, baina
antolatzaileak gustura agertu dira Gaztetxoen Akuatloiak eta Triatloi herrikoiak izandako erantzunagaz. Are gehiago, pozik agertu dira herritarrek proba batean zein bestean eman zuten maila onagatik.

Triatloiko herrikoiko parte hartzaileak Plaiko Zubiaren azpian igerian. Argazkia: Koaxi
Herriko gazteenek triatloira hurbiltzeko aukera izan zuten zapatu goizean egindako akuatloian. Aurrebenjamin, benjamin, alebin eta txiki mailako
ia 50 gaztetxok eman zuten izena, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, proba ia bertan behera utzi zuten. “Eguraldi oso txarra egin zuen goizean. Proba hasi aurretik sekulako zaparrada bota zuen, eta proba ez egitekotan ere egon ginen. Eguraldiak azkenean zer edo zer hobera egin zuen, eta parte hartzaileak izena ematera zetozela ikustean proba egitea erabaki genuen”.
Parte hartzaileek
euren kategoriari egokitutako distantzia egin behar izan zuten aringa-aringa eta igerian. Eta proba amaitzean guztiek pozik jaso zuten domina eta oparia Koaxikoen eskutik.

Ondarroako triatloi herrikoiko parte hartzaileak bizikletak hartzen. Argazkia: Koaxi
Gaztetxoek ez eze, triatloia probatzeko aukera izan zuten helduek ere arratsaldean egin zen Triatloi herrikoian. Eguraldi nahasia egin zuenez, aurreikusitakoa baino gutxiagok parte hartu zuen proba herrikoian. Ondarroako eta inguruetako herrietatik etorriko
70 bat kirolarik parte hartu zuten. Asko esperientzia errepikatzera etorri ziren, baina, tartean, proba estreinako egin zuen bat edo beste egon zela adierazi dute antolatzaileek. Era berean, nesken parte hartzea handitu egin dela azpimarratu dute. «Aurten neska askok parte hartu du».
Marea beherantz zihoanez Zubi Zaharraren parean hasi zuten proba, korrontea alde edukitzeko. Parte hartzaileek 400 metro igeri, 15 kilometro bizikletan eta 3,5 kilometro aringa-aringa egin zituzten. “Bakoitzak bere erritmoan egin du triatloia, eta denek amaitu dute”.