Barrenetxea-Arando eta Onaindia izan dira bizkorrenak San Miguelen
Enrique Barrenetxea-Arandok eta Anartz Onaindiak irabazi dute Hamaika Eskuderiak antolatutako XIV. San Miguel Rallysprinta. Denboragaz neurtutako lehen eta hirugarren tarteetan 7 minutu baino gutxiago egin zituzten, podiumaren gorenengo postua eskuratu...
Aingeru Castrok eta Alaitz Urkiolak eta Iban Tarsiciok eta Iñigo Peñak osatu zuten podiuma. Euskadiko Rally Txapelketarako puntuen bila abiatu ziren Castro eta Urkiola BMW M3ari dena emanda. Denboraz neurtutako bigarren osteran denbora hoberena egitea lortu zuten, eta San Miguel Rallysprinteko bigarren postua izan zen eurentzat. Txapelketarako puntu garrantzitsu horiei esker, sailkapeneko lehen lekuan jarraitzen dute.
Lea-Artibaiko pilotu eta kopilotuek ere maila ona erakutsi zuten San Miguelen. Garikoitz Lopez eta Urko Pagoagaren laugarren postua azpimarragarria da. Citroen Saxo VTSagaz sailkapenean gorantz egitea lortu zuten Etxebarriko pilotuak eta Markina-Xemeingo kopilotuak.
Lehen hamarren artean geratu ziren bai eta ere Hamaika Eskuderiako Ioritz Abaroa eta June Lauzirika (8. postuan) eta Oihan Erkiaga berriatuarra eta Bernat Iralagoitia (10. postuan). Jose Javier Aginaga pilotu markina-xemeindarrak bere ohiko autoa barik Ford Escort MK bat eraman zuen. 13.a izan zen scrach sarietan eta lehenengoa historikoetan.