Xistera zirkuituko hirugarren txapelketako finalak dira zapatuan [uztailak 9], 19:00etan hasita, Markina-Xemeingo Uni frontoian. Nagusi, gazte eta nesken mailako finalak jokatuko dira. Dena dela, finalak izanda ere, zesta-punta jaialdi bat legez aurkeztu dute Xisterako partaideek . «Finalak interesgarriak izango dira, baina garrantzitsuagoa da jaialdia bera», dio Josu Mugartegi Markinako klubeko presidenteak.
Ekainean Durangon eta Andoainen hasi zen zirkuituari amaiera emateko partidak izango dira zapatukoak.
Mutil nagusi mailan 30 tantora jokatuko da partida. Horretan, Donostia eta Guetharyko Olharroa taldeko Narbarte eta Julien Donibane Lohizuneko Luzean taldeko Tambourindeguy eta Gasteizko Ekhiren aurka neurtuko dira.
Mutil gazte mailan, ostera, Mutrikuko Danok Bat taldeko Goixerri eta Mikel Manzisidor puntistek elkarren aurka lehiatuko dute: Goixerrik Donibane Lohizuneko Luzean taldeko Theo Labordegaz jokatuko du, eta horiek Jon Bidondo eta Mikel Manzisidor Luzeaneko eta Danok Bateko puntisten aurka jokatuko dute.
Xistera zirkuituko finalen aurkezpena. Argazkian: Isa Mandiola Markina-Xemeingo Ogasun zinegotzia, Ibon Urreisti Xistera elkarteko presidentea, Patxi Jauregi Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako presidentea, Josu Mugartegi Markinako klubeko presidentea eta Izaro Arbe pilotaria.
Izaro Arbe puntista markina-xemeindarrak Durangon eta Andoainen jokatutako partidak irabazi bazituen ere, ez du nesken finala jokatuko. «Bera izango da jokalarien arduraduna». Nesketan, beraz, Nahia Calvo eta Jane Arreitunaindia Eneritz Lizardi eta Maite Ortiz de Mendivilen aurka ariko dira.
Partida guztiak zuzenean ikusi ahalko dira, Internet bidez.
Proiektua indartzen. Zesta-punta harrobitik bultzatzeko helburuagaz, Xistera proiektuaren bihotza proiektuaren parte diren elkarteen arteko batasuna dela azpimarratu zuen Ibon Urreisti Xisteraren presidenteak atzo Markina-Xemeinen egindako aurkezpenean. «Nire iritziz lortutako batasuna da garrantzitsuena. Euskal Herriko klub guztiak batu gara proiektu honen baitan, eta guztiok harrobia bultzatu nahi dugu; harrobirik gabe ez dago etorkizunik».
Ibon Urreisti: “Oso pozik gaude Arberen lanagaz. Jokalari legez ondo badago ere, Xisterako zuzendaritzan ere sartu dugu eta sustapen arloan oso lan ona egiten ari da; harro sentitzen gara”
Horrez gain, Xisterak askotariko lanak egiten dituela ere azpimarratu zuen. Eta horretan, Izaro Arberen lana azpimarratu nahi izan zuen mutrikuarrak. «Oso pozik gaude Arberen lanagaz. Jokalari legez ondo badago ere, Xisterako zuzendaritzan ere sartu dugu eta sustapen arloan oso lan ona egiten ari da; harro sentitzen gara».
Unira joateko deia. Halaber, Markina-Xemeingo pilotari ohiei zapatuan Unira joateko deialdia egin nahi izan diete Urreistik eta Xisterako gainerako partaideek: «Finalak ikustera etortzen badira, ilusioa berreskuratuko dute. Datozela gazteak ikustera, lan bikaina egiten ari dira eta euren bultzada eskertzekoa izango da».
Aurrera begira, Xistera egonkortzen joango dela aurreratu zuen Patxi Jauregi Euskadiko Pilota Federakuntzako presidenteak: «lehenengo pausoak beti izaten dira zailak, baina gauzak finduz eta konponduz, espero dugu datorren urterako oraindik ere proiektua indartsuagoa izatea».
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.