TMA-ko langile ohi biren kontrako «errepresioa» salatu du LABek
LAB sindikatuak deituta, agerraldia egin zuten atzo, Etxebarriko Talleres Mecanicos Arakistain (TMA) enpresa aurrean, bertako «langile ohi biren kontrako errepresioa» gogorki salatzeko. Langileek egindako mobilizazio eta salaketen aurrean, enpresako ...
Bakoitzari 5 urte eta 6 hileko kartzela zigorra eskatzeagaz gainera, 9.000 euroko fidantza jarri behar izan dutela jakitera eman du LAB sindikatuak. «Enpresa itxi eta langileei zorrak utzi ondoren, langileak kartzelara bidali nahi ditu, eta indemnizazio bat eskatzen die», salatu du LABek.
Sindikatuak gaur egungo legediak enpresariei ematen dien «inpunitatea» eta «langileen babes eza» gaitzetsi ditu. «Enpresariek edozer egitea libre duten bitartean, langileek beraien eskubideen defentsan borrokatzeagatik eta enpresarien irregulartasunak kontrolatu nahi izateagatik epaituak eta kartzelaratuak izan daitezke».
2013ko apirilean hartu zuen Rafael Zabala Fernandezek Etxebarrian zegoen TMA enpresako boterea. 2013ko urte amaieran, 8 hilabeteko greba baten ondoren, enpresa itxi eta beharginak kalera bota zituzten milaka euroko zorragaz.
Urruntze neurria
«Hori guztiori gutxi balitz, Zabalak salaketa penalak jarri zituen hainbat langileren kontra, legalki komunikatutako manifestazio eta elkarretaratzeetan lan gatazka kalera ateratzeagatik». Haratago joanda, bi langileren kontra kautelazko urruntze neurria eskatu zuen Zabalak.
Lan gatazka kolektibo baten aurrean bi pertsonen kontrako kautelazko neurriak zentzurik ez zuela argudiatuta, Gernikako epaitegiak eskaera ukatu bazuen ere, Bizkaiko audientzia probintzialak neurria onartu zuen. Beraz, 2014. urteko uda hasieratik 500 metroko urruntze agindua ezarri diete. «Justiziak ezin ditu biktimak kriminalizatu eta errudunak babestu, nahikoa da!», esan dute.