Elena Unzueta: «Helegiteak aurrera egingo zuen ziurtasunik ez genuen»
EH Bilduk kritikatu du diputatuak ez dituela argitu EAEko Auzitegi Nagusiak Ur Partzuergoaren kontra emandako epaia ez errekurritzearen arrazoiakIraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko diputatu Elena Unzuetak Partzuergoak azken epaia ez ...
EH Bilduk kritikatu du diputatuak ez dituela argitu EAEko Auzitegi Nagusiak Ur Partzuergoaren kontra emandako epaia ez errekurritzearen arrazoiak
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saileko diputatu Elena Unzuetak Partzuergoak azken epaia ez errekurritzeari buruzko azalpenak eman zituen herenegun, Batzar Nagusietan. EH Bilduk eskatu ditu azalpenak, eta, Unzuetak esan zuenez, epaia ezagutu ondoren Busturialdeko Ur Partzuergoaren (BUP) Kontseiluak horren aurkako kasazio-helegitea aurkezteko aukera aztertu eta ez jartzea erabaki zuen.Horren arrazoiak eman zituen foru diputatuak. Haren esanetan, errekurtsoak aurrera egingo zuen segurtasun juridikorik ez zegoen. «Bagenekien Lan-Arloko Salak prozesuan zehar honen antzeko ezaugarriak zituen beste kasu bat aztertu zuela, eta Europa mailako instantzia judizialen beste ebazpen batek subrogatzearen obligazioa dekretatu zuela». Erabakia langileen «ziurgabetasun egoera» ez luzatzearen aldekoa izan zela ere esan zuen Unzuetak, baita gatazka judizializatuta mantentzearen kostu ekonomikoa ez handitzeko eta prozedura judiziala luzatuz gero langilearen aldeko kalteordainak gehitu zitezkeelako.
BUPeko presidente ohi Iratxe Arriolaren esanetan, baina, errekurtsoa aztertu behar zuen Auzitegiak (Gorenak) eman dituen sententzia denak, orain arte, ez subrogatzearen aldekoak izan dira. «Hala ere, erabaki dute Gorenean helegiterik ez jartzea. Eta horren arrazoia jakin nahi du- gu», dio Arriolak.
Kostu ekonomikoari dagokionez, helegitea jartzea kalte-ordainak ordaintzea baino merkeago litzatekeela esan du EH Bildukoak, eta helegiterik ez jartze- ko erabakiak ekarri duela ziurgabetasuna. «Zer gertatuko da orain partzuergoko langileekin?» galdegin du Arriolak, «Helegiterik ez jartzeak zein ondorio ekarriko ditu? Zertan oinarritu dira erabaki hori hartzeko?».
Sententziak dio Aquarbeko zazpi langileren kaleratzea ez egokia izan zela, eta horren arduradun egiten ditu bai Busturialdeko Ur Partzuergoa eta baita Aquarbe enpresa ere. Hala ere, epaiak ez du argitu bakoitzak zein erantzukizun hartu behar duen beregain.
Subrogazioa, zalantzazkoa
Arriolaren iritziz, Busturialdeko Ur Partzuergoaren zuzendaritzak (gaur egun EAJk kudeatzen du) erabakia hartu du ondorioei erreparatu gabe. Langileen etorkizuna kolokan dagoela esan du, eta ziurgabetasuna orain sortu dutela: «Lehiaketa publiko bidez hogei langile kontratatu zituen partzuergoak, eta horiekin zer gertatuko den ez dakigu. Kaleratutako zazpi langileak berriro lanerako onartu behar badira, zer gertatuko da gaur egun lanean daudenekin?».
Busturialdeko Ur Partzuergoan lanean ari diren beharginek ere beren kezka agertu izan dute. EAEko Auzitegi Nagusiak emandako epaia onartuz gero, subrogaziorako bidea zabaldu daitekeela uste dute, eta beraien lanpostuak kolokan egon daitezkeela.
Hori dela eta, ELA eta LAB sindikatuaren ordezkariek gaur egungo langileen lanpostuak babesteko eskatu zioten Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritzari.
Subrogazioaren bidea, hala ere, zalantzazkoa dela dio EH Bilduk. Unzuetak eguazteneko agerraldian esan zuen Partzuergoak zerbitzu horiek barneratzea erabaki zuenean, Aquarbe enpresak langileen subrogazioa eskatu zuela, eta Partzuergoak ezetza eman ziola eskaera horri.
Elena Unzueta diputatuaren esanetan, erabaki horren ondorioz, kaleratze kolektiboa egin zuen Aquarbe enpresak, eta ELA sindikatuak enpresak hartutako erabaki hori errekurritu egin zuen.
Gainera, Unzuetak esan zuen Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritzak zerbitzuen eta instalazioen kudeaketa publikoa egiteko erabakia hartu zuenean beharrezkoak diren txosten tekniko, juridiko eta ekonomikorik ez zuela aurkeztu, eta hori izan dela, hain zuzen, Busturialdeko Ur Partzuergoa gaur egungo egoerara eraman duena.
Txostenak
Partzuergoko zuzendari ohi Iratxe Arriolak eta Kontseilu Orokorrean Gernika-Lumoko Udaleko ordezkari zen Jose Ramon Bilbaok azaldu dutenez, baina, zerbitzu juridikoen aholkuei jarraituta jardun zuten. «Langileak subrogatzeko aukerarik ez genuela azaldu ziguten zerbitzu juridikoek», dio Bilbaok. Arriolak azaldu duenez, erabakia hartzeko txosten tekniko, ekonomiko eta juridikoak izan zituzten kontuan, «eta hor daude dokumentuak». Txosten bat, gainera, Bizkaiko Foru Aldundiak egindakoa dela esan dute: «BFAren txosten juridikoak zioen administrazio publikoan enpresa pribatuetako langileekiko subrogaziorik ez dela esistitzen».
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Aholkularitza Batzorde Gorenak prozesua modu egokian egin zela ebatzi zuela aipatu dute EH Bilduren ordezkariek, eta lan poltsaren kontra jarritako salaketan ere Partzuergoaren alde ebatzi zuen epaitegiak.
Lehiaketa publikoa
2013. urtean hartu zuen Ur partzuergoak saneamendu azpiegituren kudeaketa beregain hartzeko erabakia.
Garai hartan Busturialdeko Ur Partzuergoko presidentea zen Iratxe Arriolak esan zuenez, langileen egoera kontuan zutela hartu zuten erabakia, baina lanpostu publikoak betetzeko aukeraketa prozesu publiko bidez egin behar zutela. «Esperientziak eta azterketa praktikoek puntu asko emango dituzte, baina beharginek esfortzu txiki bat egin beharko dute; aukera berdintasunean lan poltsa publikoan parte hartu beharko dute».
Hala ere, Jose Ramon Bilbaok azpimarratu du 2013an Ur Partzuergoaren asmoa zela ur horniduraren kudeaketa enpresa pribatuen esku uztea, baina lehiaketara inor ez zela aurkeztu. «Lizitaziora enpresarik ez zen aurkeztu, eta horregatik hartu genuen hornidura ere partzuergoak beregain hartzeko erabakia». Bilbaok dioenez, urgentziazko erabaki bat izan zen. «Aquarbegaz genuen kontratua iraungi egin zen, eta zerbitzu hori emateko deialdiari inork erantzun ez zionez, herritarrak ur hornidura barik geratzeko arriskua zegoen».